Page:Lehorreko arrantzalea.pdf/7

From Wikisource
Jump to navigation Jump to search
This page has been proofread.

daridala. Ai nire barren sutzailea!, izazu txingar bizi hau itzaltzeko grazia, bestela kiskaliko nau su gabeko gar honek, baina… Agustin badator; ez dezala igar nire bihotzaren konturik, gorde dezagun asmo hau, liburu bat ixten den moduan, orri batek bestea estutu eta estaltzen duen gisa… Agustini esango diot bere zain nengoela.

BOSGARREN IRUDIA
V
Inazio eta Agustin (hau apaindua)

AGUSTIN Hemen al haiz, Inazio? Goiz prestatu haiz.

INAZIO Bai, oraintxe etorri nauk eta begira nengoan ageri ote hintzen.

AGUSTIN Horren txikia al naiz ez ikusteko?

INAZIO Betiko moduan hator, umorekoa.

AGUSTIN Bai, Jainkoak dohain hori eman zidak; ea, goazemak Praixkueneko sagardotegira, hemen gaur egon gabe lurrari begira.

INAZIO Ez, egon hadi pixka bat.

AGUSTIN Zer delako? Damutu egin al zaik lehengo hitza?

INAZIO Ez gizona…

AGUSTIN Ni ez nauk gizona. (Presaka)

INAZIO Bai, bazekiat zer haizen.

AGUSTIN Zer nauk bada?

INAZIO Mutilzahar… zimarroia; horra esan.

AGUSTIN Goazen, goazen, lema jiratuta.

INAZIO Agustin, lagun zaharra, hemen giro ederra zagok eta pixka batean egoteko gogoa zeukaat.

AGUSTIN Zertan? Txoriak izutzen, edo izarrak ikusten?

INAZIO Bai… ikusi… nahian.

AGUSTIN Zer, haizea?

INAZIO Ez pasea, (neskatxarena).

AGUSTIN Hau duk kasketa klasea.

(Irteten da Maria Erregidorearen etxetik eta kanpora joango da).


SEIGARREN IRUDIA
VI
Lehengoak eta Maria

MARIA Agur, Inazio, konpainiarekin.

AGUSTIN Agur, marmita eta batailoiarekin.