Page:Lehorreko arrantzalea.pdf/8

From Wikisource
Jump to navigation Jump to search
This page has been proofread.

(Maria doala atzetik begiratuaz) Zeru goieneko izar dizdizaria; hori duk mirabea eder eta guria; bazirudik maiatzeko marrubia.

ZAZPIGARREN IRUDIA
VII
Inazio eta Agustin

INAZIO Ederra iruditu al zaik?

AGUSTIN A, marrajoa! Ez al diok begiratu?

INAZIO Nik?… Segadan, poparean, andara bizian joan duk eta.

AGUSTIN Eta… eta? Hik ez didak ziririk sartzen gezur eta abar, Inazio, hi horren usainean habil izurdea bokartaren bezala; horrengatik hengoen hemen zain; hargatik, ikusi duanean, zuri-zuri egin haiz katuarrainen modura; goazen, goazen, Praixkuenera.

INAZIO A?… Txintxueneko baserrian hasi omen duk sekulako sagardoa.

AGUSTIN Orduan, sekulakoa bada, ez duk behin ere ahituko.

INAZIO Hi beti iguala!

AGUSTIN Bai, nahi eta nahi ez.

INAZIO Egia.


ZORTZIGARREN IRUDIA
VIII
Lehengoak eta Pedro (hau ondo jantzia)

PEDRO Kaixo, jaunak.

AGUSTIN Ongi etorri, Pedro.

PEDRO Zuek, arrantzaleek jakiten duzue sagardo ona non dagoen eta ikusi zaituztedanean, galdetzera etorri naiz.

INAZIO Gaur jakin dugu Txintxueneko baserrian hasi dela txotx berria.

AGUSTIN Bai; honek esan duenez, sekulakoa omen da eta oraindik inork edan gabea.

PEDRO Hauek esaerak! Beti bezala, umorekoa zaude.

INAZIO Hau ez al daki zein den?

PEDRO Bai, bai!, ongi, ongi; eta zein aldetan egiten da baserri hori?

INAZIO Esan digutenez, galtzada luze pasa eta eskuin aldera dagoen etxea omen da; bere bolatoki eta guzi, zelai ederrak eta leku alaiak omen ditu bere inguruan.

AGUSTIN Gu ez gara behin ere izan baserri horretan baina Jaungoikoak nahi badu, guk bezala, gaur goiz xamar