Page:Lehorreko arrantzalea.pdf/20

From Wikisource
Jump to navigation Jump to search
This page has been proofread.

HOGEITA SEIGARREN IRUDIA.
XXVI
Lehengoa, on Juan, Pedro eta gero Agustin.
(on Juan eta Pedro etxetik irtenda.)


ON JUAN Nola gara, Inazio? Euririk izango al dugu biderako? Zer deritzozu?

INAZIO Jauna, izan liteke, trumoi handia dabil hemen inguruan.

PEDRO Itxurarik ez dauka, bada.

INAZIO Itxurarik ez, baina erasoak uste gabean sortzen dira eta trumonada lehertzen da.

ON JUAN Bai batzuetan, baina orain…

INAZIO Orain galanta eta uste gabekoa.

AGUSTIN (sagardotegitik aterarik) Hemen naiz ni ere; berok etxe aldera joateko asmoan izango dira, ez da egia?

ON JUAN Bai; zuek ere bai?

AGUSTIN Ez, jauna; guk oraindik ez dugu arrantzarik egin baina… harrapatuko dugu.

PEDRO Ba al da harrapatzeko asmoa?

AGUSTIN Jarria dugu, behintzat, amua.

PEDRO Beste paretxo bana edan beharko dira oraindik harrapatzeko, e?

INAZIO (triste) Nik ez behintzat tantorik ere… Nahiago nuke hemendik hogei milaz itsas erdirago banengo.

ON JUAN Bete al zara pozez?

INAZIO Ez, jauna; nahigabez.

PEDRO Zer duzu, bada? Zotina?

INAZIO Barrena daukat oso mina.

ON JUAN A! Hori da bihotzerrea.

INAZIO Bai, jauna, bihotza errea, kiskaltzen daukat.

ON JUAN Zu beti egia gordetzen.

INAZIO Eta berok ilea hartzen.

PEDRO Beraz Maria, e?

AGUSTIN Bai; lehenago esan diot dena, eta ez du sinistu.

INAZIO Ez ikusi arte.

ON JUAN Bai, Inazio, bai, sinistu zenezake.

AGUSTIN Bere ahotik orain bertan adituko duk. (joaten da Mariaren bila.)

P. eta on J Bai, bai; egia dela.

INAZIO Eta berok nondik dakite?

ON JUAN Bere amak eta guk, denak lehenago gauza horren gainean mintzatu gara. Nola nahi duzu guk gezurra esatea? Alaitu zaitez, gizona, horrela, motel egon gabe; suerte txarra al da, bada, Mariarentzat?

INAZIO Eta goian berarekin egon den horrek maite al du Maria?

ON JUAN Maite? Txoratzen dago, eta nola ez? egunero etortzen da hona eta beti erregaliak ekartzen dizkio berari.