Page:Lehorreko arrantzalea.pdf/18

From Wikisource
Jump to navigation Jump to search
This page has been proofread.

Ezin egon naiz soseguz, olatutan, baga handi tartean nabilela iruditzen zait. (gora begira) Aingeru guardakoa, arren! lagun iezadazu indartzen fede oneko pauso hauetan. (sagardotegira sartzera doala irteten da Agustin etxetik)


HOGEITA LAUGARREN IRUDIA
XXIV
Agustin eta Inazio.


AGUSTIN Inazio, bizi al haiz?

INAZIO Ez al nauk ikusten?

AGUSTIN Bai, ia itoan ateratako baten moduko begiak dauzkak! (txuliatzen) Tirabira egin al duk?

INAZIO Bai, marea… ia.

AGUSTIN A! Maria! Hau duk komeria! Hi hor egon haizen bitartean goian izan nauk, on Juan erregidorea eta Pedro alaiarekin mokadu bat hartzen, eta kontu ederrik esan ditek hiregatik.

INAZIO Zer zioten, bada?

AGUSTIN (jendeari) A zer ikara eman behar diodan! (orain berari) Mutil… lagun on batengatik esan behar ez direnak.

INAZIO Esan iezadak zalantzan eduki gabe.

AGUSTIN Ez al haiz haserretuko egia esanda?

INAZIO Egiak ez dik inor ikaratzen.

AGUSTIN Bada… esan ditek; hi tonto bat haizela, neskatxaren ondoan buia baten moduan hagoela, neskatxa horrek bere majoa baduela, eta laster senar aberatsa hartzeko asmoetan dela, tantza lodia jarri behar dela amuan hori harrapatzeko, eta horrelako makina bat gauza; eta haiekin batean zagok beste gizaseme ezkongai bat, lehenago hemen nirekin hizketan egon eta igo duk, mutil…

INAZIO Ez duk posible Mariak niri hori egitea; bestela zerbait esango zidaan, eta gainera hain ongi portatu duk nirekin, jatera zihoanetik puska bat eman zidak.

AGUSTIN Hark zer egingo zian, bada? Pux! Denena: sagardoa saltzeagatik datorren guztiari ondo egin. A tontoa! Hik ez dakik hemengo kontua; utz itzak txorakeriak, ez fidatu gonadunekin; denek elkarren antza ditek eta negarra besterik ez ditek ematen. Mutilzahar, mutilzahar, ni bezala, biba mutilzaharrak!, galtzadunak libre, kaioen modura lema jiratu eta nahi den aldera, emakumeak eta katuak sukaldera, baina ez hadi horrengatik tristatu; goazen, edan dezagun eta bakea eman dezagun.