Joxepa eta Bittori

From Wikisource
Jump to navigation Jump to search
Joxepa eta Bittori  (1909) 
by Pepe Artola


JOXEPA eta BITTORI


JOXEPAK Zer zabiltza, Bittori?
BITTORIK Hementxe, sagardo bila.
JOXEPAK Ni ere mandatuketan nabil; nola jende asko datorren herriko festetara, gure amak nahi du on egin datorren guziari.
BITTORIK Gu ere ez gara gaizki izango kanpotarrekin batean; gure etxean ere prestatzen ari dira, gaur ikusiko ditut pazi zaharrak eta denak garbitzen.
JOXEPAK Gurean, berriz, kutxa zaharretik sagar panpandojak atera eta mahaiaren gainean jarriak daude.
BITTORIK Hau poza, Joxepatxo! Amona, berriz, esne arroza egin eta egin ari da.
JOXEPAK A zer jatea egingo dugun! Gure auzoko bizar kentzaileak ere leihoan jarriak dauzka hiru pertz bete-beteak esne arrozarekin.
BITTORIK Horrenbeste zertarako dute?
JOXEPAK Bada, pentsatzen omen du jendearekin oso ondo egoteagatik, besteetan musuan aparra ematen duten bezala, orain esne arrozarekin igurztea, gozoago ibil daitezen.
BITTORIK Ai gizona banintz!
JOXEPAK Zertako?
BITTORIK Mingainarekin dena zupatzeko.
JOXEPAK Ja jai... Eta gero minez gelditu.
BITTORIK Joxepatxo, hobe dugu etxera abiatu, bidean estropezu egin gabe; hainbeste jende dabil!
JOXEPAK Bai, jendea! Nik ez nuen uste munduan horrenbeste gizon zenik; alde batera joan eta betea, elizan, tabernan, plazan; batzuk piparekin, besteak soineko ederrarekin, non-nahi pila, mahats mordoak dirudite.
BITTORIK Teatroan ere egin behar omen dute funtzioa; hara bai nik joan behar dudala.
JOXEPAK Eta teatroan zer funtzio egiten da? Zenbat oineko saltoak egiten dituzte?
BITTORIK Salto ez; bestela, oihuka eta irrintziak.
JOXEPAK Eta jira-bueltak ere bai.
BITTORIK Bai noski.
JOXEPAK Aufa, hori ederki! Hemen ere jendea nahikoa badago eserita deskantsuan.
BITTORIK Afaltzera etorriko ziren kalean ostaturik bilatu ez eta...
JOXEPAK Eta teatroa zein etxetan egiten dute?
BITTORIK Hori ez dakit, baina galdetu hauetako bati.
JOXEPAK (Jendeari). Barka bezate, baina berotakoren batek erakutsiko al digu non den funtzio toki edo teatroa?
BITTORIK Erakusten badigute, emango diet nik botila honetatik sagardo pixka bat; paperean bilduta bidaliko diet.
(Barrendik oihuka) Joxepatxo, Bittori, mugituko al zarete?
(Biak) O! guri oihuka ari dira; goazen.
JOXEPAK Adio, jaunak; nola baitigute deitu...
BITTORIK Etxe aldera behar dugu abiatu.
JOXEPAK Ondo bizi guziak.
BITTORIK Asko dibertitu.
(Biak) Gaizki esanik bada, mesedez barkatu.