Page:Lehorreko arrantzalea.pdf/4

From Wikisource
Jump to navigation Jump to search
This page has been proofread.

LEHORREKO ARRANTZALEA

Oharkera- Biltokiak aurkeztatzen du kalea, eta egilearen ezker aldetik, On Juan erregidorearen etxea bere leihoekin, eskuinetara Inazio patroiaren etxea kale aldetik sarrera duela. Gortina altxatzerakoan azaltzen da Inazio, arrantzako soin eta otarrarekin.


LEHENBIZIKO IRUDIA
I
Inazio bakarrik

INAZIO Jaungoikoari eskerrak, ondo egin dugu gaurko irteera eta ibilera. Lana da munduan den gauzarik onena; lanak erremediatzen ditu lanak. Nekearen hurrengo soseguak dira goxoenak eta eztitsuenak. Noan etxera, nire ama maitearengana, gaixoa! pozkidatu dadila bera seme hau ikusita. Orain arropaz aldatu eta hona, bai, hona; ea ikusten dudan nire bihotz tentatzaile Maria, honantz, aurrera etortzen da egunero, euskal herriko janzkera eta usadio jatorrean, garbi eta txukun, On Juan erregidorearen etxera, esnea ekartzera, hori da nire amak eta nik begiz joa. On Juanek nire amari esan zionez, Maria nitaz gustatua dago. Berak aurpegi alaia jartzen dit beti ikustean; nik berriz alaiagoa, baina hain naiz lotsatia!, ez dut balio berari nire bihotz xamurreko borondatea agertzeko… Agustin mutilzaharra badator, hori dut nik lagunik maiteena munduan; baina nire asmoaren berririk ez daki, eta gorde dezagun beti bezala barrengo harra; ez dezala ezer igarri.


BIGARREN IRUDIA
II
Lehengoa eta Agustin (Agustin agertzen da ezker aldeko kaletik, arrantzako otarra galtzarbean duela eta belarrian zigarroa).

INAZIO Agustin, zer modu?

AGUSTIN Ondo; eta hi?

INAZIO Ongi, Jaunari eskerrak.

AGUSTIN Pozkidatzen nauk.