Page:Lehorreko arrantzalea.pdf/11

From Wikisource
Jump to navigation Jump to search
This page has been proofread.

INAZIO Bai, mutil… asperturik hire zain egotez, oraintxe nindoaan baso bat sagardo ateratzera; eta hi etorri haizenez gero, hoa aurretik, eta atera ezak.

AGUSTIN Ni sakalari?

INAZIO Ez duk esaten “sakalari”, baizik “ateralari”.

AGUSTIN Bai, eta hi “sartulari” (eskua ahora igoaz)

INAZIO Tira, tira…

AGUSTIN Tira? zeini tira?

INAZIO Ba… ba!

AGUSTIN Baba? Ez duk txarra jateko.

INAZIO Hitz gutxi eta berriketa asko.

AGUSTIN Goazen, goazen. Hi beti zakurren isatsa bezala atzetik; ez diat ikusi munduan hi baino ospelagorik. Ni ez banintz, ez zekiat zer egingo huen hik; hik ez huen patroia izan behar, baizik eskribientea.

INAZIO Goazen, goazen.

AGUSTIN Nora?

INAZIO Kupelen ondora.

AGUSTIN Orain duk, bada, denbora.

INAZIO Uste gabean bertsotan ari gaituk.

AGUSTIN Hori edan gabe; gero kontuak eta kantuak.

INAZIO Askotan umorerik gehiena pasatzeko asmoan etorri, eta gertatzen duk txarrena pasatzea.

AGUSTIN Eta tontoturik jartzea.

INAZIO Eta triste jiratzea.

AGUSTIN Bai, gertatzen duk, baina goazen eta edan dezagun eta bakea eman dezagun.

INAZIO Bai hori duk onena, goazen. (doaz)


HAMABIGARREN IRUDIA
XII
Pedro (bakarrik; azaltzen da kopeta lehortuaz)


PEDRO Hau leku alaia, hau giro ederra, eta hau sasoia ibiltzeko! Zer atsegina den honela oinez etorri eta sagardoa edatea! Euskaldunentzat gozotasun hoberik ez da munduan. A zer gustura edango dudan sagardoa!… Eta hau usain gozoa eta jatorra nabaritzen den kanpotik. Zer izango ote da bertatik? Noan eztarri lakar hau leuntzera Euskal Herriko olio leunarekin; hori da gure baltsamoa, hori da gure poz-emailea, euskaldun alaigarria.