Amarako kaletegia

From Wikisource
Jump to: navigation, search

Euskal Wikiiturrietako orri nagusira

Amarako kaletegia

Egilea: Donostiako Udala. Kale izendegi osoa hemen. Eskuratua:2015eko martxoaren 23an.

Oharrak: Donostiako Udalaren Kale Izendegiaren hautaketa bat da hau. Donostiako Udalak bere datu multzoei Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported lizentzia ezartzen die. Ikus hemen.


Contents

Aita Donostia Plaza[edit]

7090 20011 Amara Berri

Musikariari, fraide kaputxinoari, omenaldia, zeinaren izena José Gonzalo Zulaika zen, baina Donostiakoa zenez, "Aita Donosti" esaten zioten. Edertasun eta sentimendu handiko musika-lan ugari konposatu zituen. San Frantziskoren 3. Ordenan sartu zen 16 urte zituela. Konpositore eta ikertzaile handia, lan ugari ditu latinez, euskaraz eta gaztelaniaz. Kantutegi bat argitaratu zuen, bertan 500 euskal abesti eta melodiatik gora bildu zituela, horietako asko desagertzeko zorian zeudenak. "Bakearen Usoa" eskultura dago plaza honetan, Basterretxearen obra.

Aitzol Parkea[edit]

2665 20011 Amara Berri

Elizgizon euskaldun gipuzkoarra, kazetaria eta idazle euskaltzalea, Espainiako gerra Zibilean indar frankistek atxilotua, torturatua eta fusilatua izan zena. Jose Ariztimuño Olaso, Aitzol izengoitiaz ere ezaguna 1922an ordenatu zuten apaiz, Gasteizen. 1930ean Euskaltzaleak elkarteko zuzendari izendatu zuten; Yakintza aldizkariaren sortzailea (1933) eta Euskal Kristauen Gizarte Elkartearen (AVASC) fundatzaileetako bat izan zen. Urte haietan zehar Aitzol euskal kulturaren pizkundeari erabat lotu zitzaion, dela euskarazko lehiaketa literarioak antolatuz “Olerki-egunak” modukoak edo poesiaren egunak (1930-1936), dela antzerki emanaldi edo bertso txapelketen bidez (1935-1936). Arlo ugari eta ezberdinetan jardun zuen Aitzolek: umeen euskara, euskal eskola edo euskararen batasuna esaterako. 1930ean, El dia egunkariko sortzailea izan zen. 1931n, La Muerte del Euskera eta Los profetas del mal agüero argitaratu zituen, eta 1935ean La democracia en Euzkadi lana. Langile mugimenduaren hurbilekoa, posizio kristau-demokratetatik talde horretan eragiten saiatu zen. ELA-STV euskal sindikatuaren sortzaileetakoa, Euzko Alderdi Jeltzalearen kidea garrantzitsua, eta bere ideologoetako bat kontsideratua izan zen. Estatu-kolpe faxista espainiarra hasterakoan, Aitzol Lapurdin babestu zen, Belokeko monasterio beneditarrean, Ahurtin, Baionatik 15 kilometrora, beste batzuen artean, Jose Migel Barandiaran edo Antonio Labaienekin batera. Handik lan egin zuen EAJren eta faxistak sostengatzen zituen Karlismoaren arteko akordioa lortzen saiatzeko. Galerna posta-ontzian Baionatik Bilbora itzuleran zihoala, itsaso zabalean harrapatu zuten matxinatutako indar faxistek, Pasaiara eraman eta handik zuzenean Ondarretako kartzelara, bertan torturatua izateko. Azkenik, urriaren 17tik 18rako gauean Hernaniko hilerriko hormetan fusilatu zuten, beste 191 lagunekin batera hilabeteko denboran, Galerna ontziko bidaiariak haietako asko. Galerna itsasontziko bidaiarien artean bakarra irten zen bizirik, Jean Pelletier. Atxilotua eta torturatuta ere industrialari frantziarra libre utzi zuten hilabete batzuk geroago, 1937ko apirilaren 22an. Hura izan zen Aitzoli egindako torturen lekuko eta azkenekoz ikusi zuena, Hernanira itxuragabe eta aurpegia puztuta eta belztuta, bi zaindarik arrastaka zeramatela.


Amaiur Parkea[edit]

7550 20011 Amara Berri AMAIUR , PQ DE Amaiurreko gaztelua, Baztango haranean dagoena, Nafarroako erresumaren azken bastioia bere independentzia behin betiko galdu aurretik. Gaur gutxi-asko legendazko izena da euskal historian, herrialdearen askatasunen oroigarri. 1512ko uztailaren 21ean Cisneros kardinalak, Fernando Erregearen aholkulariak, Nafarroa inbaditzea agindu zion Albako dukeari, Uztailaren 24an hartu zuten Iruñea; 1515eko uztailaren 7an, San Fermin egunez, Nafarroa ofizialki anexionatu zuten. Nafarroako Estatu Jeneralek altxatzea erabaki zuten. Nafarroa suntsitzeko agindu zion Villalva jeneralari Cisnerosek, Nafarroako mariskala atxilotu zuten eta Valladoliden asasinatu zuten. Konkista-gerrak 10 urte iraun zituen eta 50.000 hildako eragin. 1500. urtean 200.000 biztanle izatetik 1600. urtean 150.000 izatera igarotzen da. Erresistentziaren azken bastioia Amaiurko gotorlekua izan zen (Baztango harana). 200 gizonek ejertzito oso bat gerarazi zuten. Guztiak hil zituzten, azkena 1522ko uztailaren 19an, Nafarroako independentziaren azkenaren eguna .


Amara Gaineko Kalea[edit]

220 20006 Centro

Izen bereko inguruaren goialdean kokatuta dagoelako hartzen du izen hori. Amara izenaren jatorria berriz, inguru honetan antzina zegoen izen bereko baserri bat da (hitzak "urez bete" esan nahi du gaskoiz). Garai batean Amara Urumea ibaiak inguratzen zuen eta, beraz, padura-eremu bat zen.


Amara Kalea[edit]

280 20006 Centro

Kale hau kokatuta dagoeneko auzoak (Hegoaldeko Zabalduran) antzinakoa du Amara izena eta, zalantzarik gabe, izen hori betikotzeko inguru horretako kale bati izen bera ematea erabaki zen.


Amezketarren Kalea[edit]

300 20010 Amara Berri

Hasiera batean Amarako Zabaldurako 12 zenbakiko plazari eman zitzaion izen hau, gizon handi ugari eman zituen eta Donostian ospetsua izan zen Amezketarren Etxearen oroimenez. Etxe honetakoak izan ziren, besteak beste, ondoko hauek: Juan Amezketa, Nafarroako Kontseiluko burua, Valladolideko Kantzelaritzako epailea eta, aurrerago, Gaztelako Errege Kontseilu eta Ganbarakoa 1582 eta 83. urteetan; Pedro Amezketa, besteak beste Valladolideko Kaparesemeen Alkate titulua izan zuena; eta Antonio Amezketa, Valladolideko Kantzelaritzako epailea eta Bizkaiko Epaile Nagusia.


Anoeta Pasealekua[edit]

6060 20014 Amara Berri

Lekuan zegoen baserri zaharraren izena hartzen du. Amarako auzoko, Errotatxo, Illunbe, Gantxegi eta Anoeta baserriek okupatzen zuten ibarbide zabal hau. Bere lurretan eraiki zuten 1950 - 1960 urteetan Kirol Hiria, eta inguruko baserri baten izena hartu zuen. Saihesbidea egin zutenean (1975) baserri guztiak desagertu ziren, Gaintxegi izan ezik; aurri-egoeran geratu zen eta oraingo obretan eraitsi dute.


Antonio Maria Labaien Kalea[edit]

1475 20009 Amara Berri ANTONIO M. LABAIEN Antonio María Labaien Toledo Tolosan jaio zen, 1898ko urtarrilaren 12an. Merkataritza-ikasketak egin zituen Zaragozan. 1920an saria lortu zuen Donostiako Udalaren Lehiaketan “Txinparta Buruzagi” bere lanak, eta 1930ean lehen saria lortu zuen Donostian Santo Tomas egunez ospaturiko Euskal Hizkuntza eta Deklamazioaren Lehiaketan. “Euskal Eguna” bere komedia izan zen sarituriko lana. Tolosako alkate izendatu zuten 1933an. Zaletasun oso anitzak izan zituen pertsona genuen Labaien. Orixeren laguna izan zen, eta Lizardirena batez ere, eta beti izan genuen euskal kulturaren lubakian. 1932an “Antzerti” antzerki-aldizkaria sortu eta zuzendu zuen, 54 ale argitaratu zituela. Aldizkari horretan zein beste hainbatetan argitaratu zituen bere antzerki-produkzio askotarikoak, “Txinparta Buruzagi” eta ondokoak; “Ostegun Gizena”, “Maya”, “Mateo Txistu”, “Euskal Eguna”, “Iparraguirre”, “Berezi” (frantsesetik itzulia), “Gizon Bizarpeituti eta Emazte Bizartxuti”, “Irunxeme”, “Irrati-hitzaldia”. 1936-1939ko gerraren ondorioz, Saran bizi izan zen erbesteratuta. Itzuli zenean, eta egoera politiko eta kulturalaren zailtasunak gorabehera, argitalpenei ekin zien berriz ere, lehenik gaztelaniaz eta ondoren berriz ere euskaraz. Ondoko lanen egile dugu: “Escenas papeleras” (1947), “Compendio del poema “Euskaldunak” (1950), “Jokua ez da errenta” (1960), “Bai esalea, ez esalea” (B. Brecht-en alemanezko bertsiotik itzulia) (1960), “Galtzaundi” (1961), “Malentxo alargun” (1962), “Gizona eta kidea” (urte berean), “Teatro Euskaro” (bi liburuki, 1965), “Domenjon de Andia” (1965), “California kuku” (1967), “Muñagorri eskribaua” (1976), “Teatro osoa euskeraz” (hiru liburuki, 1976), “Elizanburu. Bere bizitza ta lanak-su vida y sus obras” (1978), “Alternativas para una factible unificación y desarrollo del euskera” (1984). Euskaltzain izan zen. Izengoiti ugari erabili zituen bere bizitzan idazle gisa: “Ibalan”, “Matxingorri”, “Aspaldiko”, “L. Ayanbe”, “Etxekorena”. 1999an hil zen.


Antonio Valverde Kalea[edit]

1735 20014 Miramon - Zorroaga ANTONIO VALVERDE Antonio Valverde Casas, Ayalde goitizenaz deitzen ziotena, artista plastiko, industrial eta publizista, Errenterian jaio zen 1915eko urtarrilaren 17an. Irungo Valverde familiaren ondorengoa zen, “El Bidasoa” aldizkariaren bultzatzaile. 30 urte zituela ikasi zuen zuzenbidea, eta geroago, pintura. Ascensio Martiarena izan zen bere irakaslea. Berehala nabarmendu zen bere olio-pinturak eta pertsonaia historikoen erretratuak zirela-eta, esate baterako Bilintx, Iztueta, Urdaneta, Okendo, Legazpi, Larramendi eta abar. Horretaz gain, akuarela, marrazkia, kartel artistikoa eta komertziala ere landu zituen. Teknika guztiak jorratu zituen grabatzaile gisa: akuafortea, litografia, xilografia... 1935ean Gipuzkoako artista berrien lehen saria lortu zuen, eta berriro 1942an. 1951n Arteko Bienal Hispanoamerikarrean partu hartu zuen. Hurrengo urtean Darío de Regoyos Saria lortu zuen, Donostiako Gabonetako Lehiaketan. 1953an Lehiaketa bereko Ohorezko Saria lortu zuen. 50eko hamarkadako urteetatik aurrera testu eta azalen ilustraziorako aukera egiten du Industrias Gráficas Valverde enpresan, bertako gerente eta zuzendari artistikoa izaki. Urte horietan euskara ikasi zuen eta Euskaltzain osoa izatera iritsi zen. Lan handia egin zuen bertsolari-lehiaketetan epaimahaikide gisa. Akademia Alderraia erakundeko kide izan zen. Kolaborazio-lanak egin zituen euskaraz Egan aldizkarian, hainbat artikulu idatziz, esaterako, “Mari Beltza”, ( Pío Barojaren itzulpena), “Erti-berriak”, “Picasso”, “Marc Chagall”, “Bestearen lekuan”, “Izugarri baten jarduna”, “Darío de Regoyos”. “Bidasoa”, “Aránzazu”, “Oarso”, “Olerti”, “Zeruko Argia” eta “Vida Vasca” aldizkarietan ere argitaratu zituen artikuluak, eta euskaraz zein gaztelaniaz idazten zuen bereizi gabe. “La Voz de España” egunkari donostiarrean ere hainbat eta hainbat artikulu idatzi zituen. “Biotz begietan” lana irudiztatu zuen. 1965ean “Con fondo de Chistu” lana argitaratu zuen. Bere zenbait idazki, ipuin, azalpen biografiko, saiakera eta posia “Ibar ixilean” (1970) izenburupean agertu ziren. RSBAP/EAEko kide izan zen eta Gipuzkoako Elkarte Artistikoko presidente. Oiartzunen hil zen 1970ean, 55 urte zituela.


Antso Jakitunaren Hiribidea[edit]

4360 20010 Amara Berri

Nafarroako Antso Jakituna erregearen oroimenez eman zitzaion izen hau hiribideari. XII. mendean, errege honek populatze-forua eman zion Donostiari eta dokumentu honek adierazten du hiribilduaren benetako sorrera-data. Izan ere, aurretik bazegoen populazogune bat baina ez zuen biztanle-multzo bat izateak ematen duen izaera juridiko eta politikorik eta, hain zuzen ere, horrek ematen zuen hiribildu eta hiri kategoria. Antso Jakituna erregeak itsasertzeko lur honetan bildutako biztanleen guneari emandako populatze-foruak legezko izaera eta sorrera eman zion Donostiako hiribilduari.

Araba Parkea[edit]

400 20010 Centro ARABA , PQ DE Arabako probintziaren omenez hartu du izen hau.


Aragoi Kalea[edit]

8520 20011 Amara Berri Euskal Herriaren auzoko eskualdea dugu Aragoi, eta kultur eta giza mailako oso harreman sakona garatu du harekin historian zehar.


Armeria Plaza[edit]

450 20011 Amara Berri

Donostian izan ziren su-armen eta arma zurien fabriken oroigarri gisa hartu du izen hau. Fabrika horietan maisu entzutetsuak sortu ziren, hala nola Andres Loidi (Felipe II.arentzat bost tiroko eta su bakarreko bost alkabuz alakatu zituen eta, Madrilen probatu ondoren, Artilleriako kondestable izendatu zuten 1626an bere asmakuntza arraroagatik eta artearen alorrean erakutsitako adimenagatik) eta Juan Perez de Arcilla (hiru libra eta erdi bolborarekin 33ko bala jaurtitzen zuen 926 librako burdinazko kanoi berri bat asmatu zuen).

Astiñeneko Zubia[edit]

2595 20014 Amara Berri Ibaiaren eskuin ertzean, zubiaren ipar sarbidearen ondoan kokatuta dagoen baserriak du Astiñene izena. Harri-hormak eta bi isuriko estalkiarekin dimentsio apaleko eraikina da, hiriaren kanpoaldean kokatzen den baserri bati dagokion moduan, eta ez bere buruarekin aski izateko gaitasuna duen familia baserri batenak. Bere baliorik handiena barrualdean ia osorik gordetzen duen haga bidezko sagardo dolare baten zurezko egitura da. XVII. mendearen bigarren laurdenean eraikia, XIX. mendearen erdialdean, lehen gerrate karlistetan jasandako kalteen ondorioz, esku hartze garrantzitsuak ezagutu zituen, orduan eraldatu baitzen teilatua eta barrualdeko espazioen banaketa, eta fatxada nagusi politaren goiko erdian adreilu trinkoz beteriko bilbadura eraiki. Zalanztarik gabe, Donostian kultura interesik handienetakoa duen eraikina da, hiriaren erdigunetik kilometro pasatxora besterik ez.


Azkoitia Plaza[edit]

7600 20011 Amara Berri AZKOITIA , PZ DE Izen horretako herriaren oroimenez.


Azpeitia Kalea[edit]

640 20010 Amara Berri 1310. urtean Fernando IV.ak Garmendia izeneko leku batean (Iraurgiko haranean) Salvatierra de Iraurgui izeneko herri bat egitea agindu zuen eta horrela sortu zen Azpeitiko hiribildua. Azpeitia izena Gipuzkoako anaiartearen 1457 eta 1467ko Ordenantzetan agertzen da.

Baldomero Anabitarte Plaza[edit]

7610 20011 Amara Berri

Donostiako Udaleko idazkaria zen Baldomero Anabitarte. Donostiako 1900dik 1925era arteko udal-bizitzaren lan handi eta interesgarria idatzi zuen, ondoko izenburua zuten hiru liburukitan: "Gestión del municipio de San Sebastián en el siglo XIX", 1903 argitaratua."Gestión del municipio de San Sebastián de 1894 a 1900" eta "Gestión del municipio de San Sebastián en el primer cuarto del siglo XIX".


Baleazaleen Kalea[edit]

650 20011 Amara Berri Ulia mendiko talaiez baliatuta edota itsasoak zeharkatuta balearen arrantzan jardun zuten eta Nafarroa, Gaztela eta Aragoirako esportazio-merkataritza bat sortu zuten pertsonen omenez eta oroigarri gisa (Ingalaterrara eta Herbeheretara ere iritsi ziren).


Barcelona Hiribidea[edit]

1515 20014 Amara Berri Kataluniako printzerri zaharreko eta gaur egungo Bartzelonako probintziako hiriburua da Bartzelona. Mediterraneoa itsasoaren ertzean dago, Besos eta Llobregat ibaien bokalearen artean, eta hiriak berak bi milioi biztanle eskas ditu. Mendebaldeko Mediterraneoko porturik handiena da. Unibertsitateen egoitza eta gune administratibo, komertzial eta kultural oso garrantzitsua da, iberiar penintsulako industria-aglomerazio handiena eta garrantzitsuena. Eraikinik nabarmenen artean ondokoak ditu: Santa Ana eliza, San Paulo eliza, Familia Santuaren eliza, Güell parkea, Lizeoa, Erakusketa Azoka, museoak...Historiaurreko garaian, lehen giza arrastoak gure aroa baino 2.500 urte aurrekoak dira. Erromatarrek konkistatu zituzten lur hauek k.a. 218. urtean. Geroago bisigodoek, frankoek eta musulmanek konkistatu zuten hurrenez hurren. XI. eta X. mendean arteen Marka Hispanikoko hiriburua izan zen. IX. eta XII. mendeen artean Bartzelonako Konderriko hiriburu izan zen. 1137an Aragoiko Koroaren zati bihurtu zen. 1714an, Ondorengotza Gerraren amaieran, Felipe V.ak foruak kendu zizkion. 1931n Kataluniako Generalitat erakundeko hiriburu izan zen. 1978az geroztik Kataluniako Generalitat berriko hiriburua da

Beroiz Kalea[edit]

1675 20014 Amara Berri

Beroiztar batek lehortu zuen XVII. mendean Loiolako edo Santiagoko erribera zaharren eremua, eta lur hauek laborantzarako egokitu zituen. Juan Pérez de Beroiz zinegotzi izan zen Donostiako Udalean 1652an. 1615eko data duen dokumentu baten bidez, erribera horietan dagoen Errotaberria izeneko errotari buruzko informazioa eman zuen. Antonio de Beroiz epaimahaikide izan zen 1666ko Donostiako Udalen. Luis de Veroiz edo Beroiz Donostiako alkate izan zen 1666 eta 1674n eta ondoren zinegotzi 1679 eta 1683an.

Bigarren Errepublikaren Plaza[edit]

2465 20011 Amara Berri

Espainiako II Errepublika–ri buruz hitzegitean , ezin da ahaztu Donostiako hiriak, 1930ean egin zen paktuan eduki zuen garrantzi politikoa. Hain zuzen ere, paktu horrek, 80 urte beteko ditu abuztuaren 17an eta aldaketa haundia ekarri zuen gure estatuko sistema politikora, izan ere, hauxe izan bait zen emakumeak botoa emateko aukera eduki zuten lehenengo aldia. Horregatik, garai honek gogoratzea eta hiriak aintzat hartzea merezi duela uste dugu. Baina ez errebantsa moduan, esperiantzia horrek erakutsi ziguna gogoratzeko baizik, hau da, askatasuna eta justizia ez direla patuaren fruitu, herriaren borrokaren ondorioa baizik. 1936an gertatu zen Estatu kolpe zakarrean ere, hiria errepublikako gobernuaren eta bere baloreei leial jarraitu zuen. Oraintsu egokitutako lorategiaren ondoan gainera, seigarren zubiarengatik burutu diren obretan, garai hartan fusilatuak izan ziren donostiarren gorpuak aurkitu dira. Horregatik sufritu zuten pertsona guztien oroigarri, eta balore demokratikoengatik borrokatu eta haiek galtzera ukatu zirenengatik, omenaldi hau egitea merezi dute plaza hau erabiliz. Horrela Oroitzapenaren Parkearen ondoan, egonleku moduan balio digun gune publiko bat edukitzeaz gain, Giza Eskubideak defendatu behar direla gogoraraziko digun leku bat izango dugu.

Bizkaia Pasealekua[edit]

5050 20010 20011 Amara Berri Donostiako kale bati Bizkaia izena emateko erabakia, bestelako probintzia eta hiribilduen izenak ere erabaki zituen Udal Osoko Bilkurak berak hartu zuen, haien guztien eta Donostiaren arteko senidetasunaren adierazgarri hain zuzen ere. 1938ko martxoaren 15etik 1979ko uztailaren 9ra bitartean, pasealekuari Juan Olazabalen izena eman zitzaion.


Burdin Zubia[edit]

1125 20014 Amara Berri

Zubi hau joan den mendearen erdialdean eraiki zen Norteko trenbidearen (gaur egungo Renfe) izenekoarekin batera, tren-konboiak eta, bide batez, automobilak eta oinezkoak pasatzeko. Hasieratik "Burnizko Zubiya/Puente de Hierro" izena izan du (zubia burdinez eginda baitago funtsean) eta ez da bestelako izenik ezagutzen. Urumeako zubi gehienek, kokatuta daudeneko inguruari dagokion toponimoa hartu dute, Maria Kristina zubia eta Burdinazko Zubia izeneko hau izan ezik.


Carakasko Errege Konpainia Gipuzkoarraren Kalea[edit]

3930 20011 Amara Berri

Donostian XVIII. mendean errotu zen eta Gipuzkoaren eta Amerikaren arteko merkataritza sustatu zuen konpainiaren oroimenez eta omenaldi gisa eman zitzaion izen hau kaleari. Konpainia 1728ko irailaren 25eko errege-zedula bidez sortu zen. Urtebete lehenago, Gipuzkoako hainbat patrizio, negozio-gizon eta itsasgizonek, Frantzisko Munibe Peñafloridako kondearen (Euskalerriaren Adiskideen Elkartea edo RSBAP sortu zuenaren aitaren) zuzendaritzapean bilduta, mezu bat bidali zioten Felipe IV.a erregeari eta ontzi-enpresa eratzea eskatu zioten. Konpainiaren eraketa-oinarrietan jasotzen zenez, enpresa San Inazio Loiolakoaren izenpeko egin zuten, fondoen bilketa 500 pesoko akzioetan egin behar zen, konpainia akziodunen batzorde nagusi batek zuzendu behar zuen, gerentzia teknikoa bost zuzendarik egingo zuten eta hauek Gipuzkoako foru-diputatu nagusiaren aurrean zin egin behar zuten. Nagusiki kakaoaren merkataritzan aritu zen baina Venezuelako beste produktuekin ere lan egin zuten, hala nola larruekin edota tabako, anil, kotoi eta kafearekin. Konpainiaren lehen ontziak (San Ignacio, San Joaquín, Guipuzcoana eta Santa Rosa izenekoak) Pasaiatik irten ziren 1730ean. 30 ontzitik gorako flota bat izan zuen eta ontzirik handiena San Jose izenekoa zen, 778 tonakoa. Garai hartakoak dira ondoko esaldiak: "hirian ez dago inor, kasu bakanen batean izan ezik, bere [konpainiaren] mende ez dagoenik", "Enpresaren jarduerek zuzeneko eragina zuten hiriaren merkataritza-bizitzan, sozialean eta erlijiosoan" eta "benetan erlijiosoa da". Koruko Andre Maria zuen zaindari eta akziodun. Horrela, konpainiak Santa Maria eliza bere kontura berreraiki zuen XVIII. mendearen erdialdean. 1785ean Filipinetako Erret Konpainiarekin bat egitean desagertu zen.


Carlos I.aren Hiribidea[edit]

990 20011 Amara Berri CARLOS I , AV DE Errege honek "Noble eta Leial" ohorezko tituluak eman zizkion Hiribilduari 1522an, bai eta urte bereko abenduan aldatu eta "Oso Noble eta Oso Leial" tituluak eman ere. Hiri honetan Remigio Mendibururen eskultura bat dago ("sin título", 1973).


Ceferino Martiarena Eta Luis Iglesias Parkea[edit]

2675 20011 Amara Berri

Ceferino Martiarena Rekondo (Irun 1895, Gijón 1937) UGTko sindikalista eta Donostiako Udaleko zinegotzi sozialista, frankistek fusilatu zuten Gijonen 1937an, Iparraldeko frontea erortzean. Luis Iglesias Ansaño (Girona 1884, Donostia 1940) UGTko sindikalista eta Donostiako Udaleko langile eta zinegotzi sozialista, heriotza- zigorrera kondenatu eta exekutatu zuten frankistek 1940an.

Cortázar Arkitektoen Kalea[edit]

460 20010 Amara Berri

Antonio eta Ramon Kortazar, arkitektoak. Antoniok Donostiako Santa Katalina zubiaren proiektua egin eta obrak zuzendu zituen. Donostiako harresiak eraitsi ondoren hiriaren zabaldura egiteko proiekturako lehiaketa irekian lehen saria irabazi eta eskuratutako dirua ongintzan erabili zuen. Ramon Kortazarrek, Luis Elizalderekin batera, Urdaneta kaleko Institutua eraikitzeko obrak zuzendu zituen 1891n.


Donostiako Kofradien Plaza[edit]

1140 20010 Amara Berri

Hirian errotuta zeuden izaera ekonomiko, sozial eta erlijiosoko erakunde gogoangarrien omenez.

Donostiako Realaren Zubia[edit]

2535 20014 Amara Berri

XX. mendearen hasieran iritsi zen futbola Gipuzkoara Ingalaterran ikasitako edo lanean aritutako gazteen eskutik. Donostian jokatutako lehen futbol partida 1902an izan zen, ordurako jada beste herri gipuzkoarretara iritsia zen, hala nola Irunera. Hala ere, ezagutzen den lehen kluba Donostiakoa da 1903-an sortua eta “San Sebastián Recreation Club” izenarekin baina ez da hiriko kluba bakarra, “Vasconia”, “el Esperanza”, “el Fortuna Old Boys”, e.a. azaltzen dira ere. “San Sebastián Recreation Club”-aren hasierako koloreak berdea eta horia ziren baina 1908ko martxoan ekipamendu berria estreinatu zuten (kamiseta zuria, SS inizialak urdinez eta galtza urdinak). Donostiarrek hasierako urteetan emaitza oso onak jaso zituzten baina ez zutenez erregistro zibilean elkartearen izena emanda, ezin izan zuten txapelketa ofizialean jokatu. 1909an Espainiako Txapelketan jokatzeko “Club Ciclista” izenera jo behar izan zuten hau legala baitzen. Honela, historiako lehenengo titulua irabazi zuten finalean “Espanyol de Madrid” ekipoari 3-1 gailendu ondoren. Finaleko jokalarien zerrenda hau zen: Bea, A. Sena, Arocena, Arrillaga, Echeverría, Rodríguez, M. Sena, Lacort, McGuinness, Simmons eta Birebén, golak McGuinness bi eta Simmons-ek sartu zituztelarik.


Easo Kalea[edit]

1390 20006 Centro

Antzinako geografoek Olearso, Olarso, Oeaso edo Easo izeneko eta erromatarren garaian Gipuzkoako mugalde honetan kokatutako hiri bat aipatu zuten. Hiri erromatar hori egungo Donostia dagoen lekuan kokatuta zegoela uste izan zuten zenbaitek eta hiriari Bella Easo izena ematen hasi ziren. Ondorengo azterlanek frogatu dutenez ordea, hiri erromatarraren kokapena ez dator bat egun Donostiak duenarekin. Gaur egun, Bella Easo izena ukitu poetikoarekin erabiltzen da batez ere.

Easo Plaza[edit]

1400 20006 Centro

Antzinako geografoek Olearso, Olarso, Oeaso edo Easo izeneko eta erromatarren garaian penintsulako alde honetan kokatutako hiri bat aipatu zuten. Hiri hori zehazki non kokatuta zegoen ez badakigu ere (Oiartzunen beharbada), batzuek egungo Donostian egon zela uste izan zuten eta Donostiari Easo izena ematen hasi ziren. Easo hitza Ozeano dela uler daiteke eta, beraz, Bella Easo-ren esanahia -itzulpen librean- "ozeanoko hiri eder" izango litzateke.


Eibar Plaza[edit]

7680 20011 Amara Berri

1346an sortu zuten Eibar hiribildu gisa, urte horretan eman baitzion Gaztelako Alfontso XI.ak Hiri-Gutuna Villanueva de San Andrés izenarekin. XV. mendearen hasieran hasi ziren Eibar izana erabiltzen. 1931n errepublika aldarrikatu zuen estatu espainiarreko lehenengo hiria izan zen, eta gerra zibilean botere konstituzionalaren aurka altxaturiko tropek gogor setiatu eta suntsitu zuten. Arrateko santutegia udalerriarena da.

Errondo Pasealekua[edit]

1570 20010 Amara Berri

Ibilbidearen lehen tartean bat bera diren pasealeku modernoak zein bide zaharrak daramaten Errondo izenaren jatorria antzinako Errondo baserria da, bere garaian oso ospetsua izan zena. Bertan donostiar ibiltariak biltzen ziren maiz bazkari edo askari alaiak egitera. Amarako Zabaldura inguratzen duen pasealeku berriari eman zitzaion Errondo izena.

Errondogaña Kalea[edit]

230 20009 Amara Berri Aiete

Izena bidearen erdialdean kokatutako Errando Aundi eta Errando Txiki (ez Errondo) baserrietatik datorkio. Donostiako Hiri eta Landa Etxeen Erregistroan (1862) 40 zenbakiko "Errando Chiqui" eta 41 zenbakiko "Errando Aundi" aipatzen dira. Inguru honetako zaharrek ez dute Errondo izena erabiltzen, Errando baizik.


Errota Berri Parkea[edit]

1665 20014 Amara Berri

Errota Berri, aspaldi Naza Errota edo Santander Errota deitzen ziotena, marea-errota bat zen, deskribatzen ari garen poligonoaren iparraldean zegoena, izena proposatzen dugun parkearen mendebaldeko muturrean. Donostiako Udal Artxiboan dagoen 1610. urteko dokumentuan ondokoa irakur daiteke: “Mención de çierta vista ocular que los señores del Gobierno hordenaron se yçiese sobre que doña Mariabélez de Santander, vecina desta villa, proibía a las criadas de los veçinos della el cortar los juncos en los términos consegiles algo apartados de sus molinos”. Bazterreko oharrean ondokoa irakur daiteke: “Es el molino del conde de Villalcazar llamado Errotaberria y los juncales los que llaman de Loyola, junto a la casa de ese apellido”. Geroago, Pedro de Gres-ek, Mariabélez de Santander andrearen senarrak, idazki bat aurkeztu zuen bertan abisu bat jaso zuela jakinaraziz, ondokorako: “dejase cortar juncos en las presas de sus molinos y que se yçiese allanamiento de que los juncales del dho molino son consegyles”. Eta horri erantzunez, ondokoa dio: “los dhos juncales en propiedad y posesçion son suyos y de la dha mujer, donde no podía tener nadie derecho sino ellos según constaba en una executoria que se esibía”. 1615eko beste dokumentu batek ondokoa dio: “Sobre el molino de Juan Pz. De Beroiz llamado de los juncales de la naça de cuyo sitio y puesto hiço merced la villa a Lope de Arride el año 1536 para que pudiesse fabricar el dho molino”. Emakida horren arabera, ondokorako zuen eskubidea: “a la siega del junco que en las superficies de las horillas e islas de los suos dichos juncales se cría que otros vecinos de la villa pretendían tener libertad para acortar y sacar el junco diçiendo era libre y consegil”. Aipu hori dela-eta, jakin badakigu Naza Errota 1536 inguru eraiki zutela. 1691n "Miguel de Arcillaren Errota"-ko ihintzak eskatzen ditu kontzejuarenak izanagatik. 1843ko GAOn Juan José Olazabalek 22.429 erreal eta 22 marabediko diru-kopurua erreklamatzen du gerra-kalteak direla-eta Naza Errotan. Donostiako eta haren barrutiko hiri- eta landa-etxeen zenbaki-erregistroan, 1862koan, Erróta-Bérri agertzen da Loiolako barrutiko hiru zenbakiarekin. Errota Berri gogor astindu zuten 1953ko urriaren 13 eta 14ko eta 1965eko urtarrilaren 18 eta 19ko uholdeek. Amaitzeko, Errota Berri errota eta Errolla Haundia izeneko haren ingurua desagertu egin ziren poligono hau eraiki zutenean, eta hura zen Donostian geratzen zen marea-erroten arrasto bakarra. Datu propioak “Tratado de Molinología. Los Molinos de Gipuzkoa” lanetik ateratakoak, Antxon Agirre Sorondorena, 1983.


Etxeberritarren Plaza[edit]

1430 20010 Amara Berri

Donostian ospe handia izan zuen eta gizon handi ugari eman zituen Etxeberritarren Etxearen omenez. Bertakoak dira, besteak beste, Domingo Etxeberri, erregearen idazkaria, Gipuzkoako ontzi-fabriken eta nekazaritza-lurren superintendentea eta artilearen administratzaile orokorra Gipuzkoan, Bizkaian eta Santanderko lau hiribildutan; Joan Etxeberri, armadako kapitain jeneral 1650ean eta galeoi-jenerala; eta Joan Domingo Etxeberri, goleta-jenerala. Plaza honetan Tomas H. Mendizabalek egindako Trikitixaren Monumentua dago (1991).


Euskal Kortsarioen Kalea[edit]

1220 20011 Amara Berri

Felipe II.aren erregealdian, Donostiako biztanleak asaldari ingeles, holandar eta flandestarren aurka itsaslapurretara joango ziren ontziak armatzeko gaitu ziren eta garai hartatik euskal marinelen ausardia eta trebezia agerian utzi zuten gizonen omenez eta oroigarri gisa eman zitzaion kaleari izen hau. Hona hemen euskal marinelei buruzko aipamen batzuk: "Holandatik eta Arroxelatik merkantziak zekartzaten 400 tonatik beherako 120 ontzi harrapatu zituzten hiru urteko denbora-tarte laburrean" (P. Camino); "Ingalaterrak Donostiako eta Pasaiako fragaten aldetik nabari zuen etsaitasuna bakea bilatzeko arrazoietako bat izan zen" (Miguel Okendo); "1656an, hiri honetako eta probintziako portuetan berrogeita hamasei gerra-ontzi zeuden Koroaren etsaien kontra borrokan ibiltzen zirenak. Ontzi hauek Ingalaterrako nabigazioan eta merkataritzan eragindako kalte handien ondorioz, erresumak bakea egin behar izan zuen" (Donostiako Kontsuletxeko eraikuntzako Errege Zedula, 1682).


Eustasio Amilibia Kalea[edit]

1680 20011 Amara Berri

Hiriaren urrezko domina eman zioten harresien eraispena zela eta. Izan ere, horretan eraginkortasunez lagundu zuen Donostiako Udaleko Alkate Lehendakari postutik.


Familia Santuaren Kalea[edit]

4080 20010 Amara Berri

Auzoan kokatutako parrokiaren izena darama segur aski.


Felipe IV.aren Hiribidea[edit]

1720 20011 Amara Berri

Felipe IV.a erregeak eman zion Donostiari hiri-maila, 1662ko martxoaren 7ko Errege Diplomaren bidez.


Gabriel María Lafitte Plaza[edit]

1645 20014 Amara Berri

Gabriel María Laffitte Ruiz Donostian jaio zen 1881eko apirilaren 12an. Gil Baré goitizenarekin deitzen zioten. Donostiako alkate ezaguna, kazetaria, abokatua, politiko monarkikoa eta Gipuzkoako Real Moto Club elkarteko lehen presidentea izan zen. Administrazio Zibileko Buru Nagusi kargua izan zuen eta 1912an Gipuzkoako Irakaskuntza Ordezkari izendatu zuten. Donostian zinegotzi izan zen 1909az geroztik, eta 1917an alkate izendatu zuten. Uda-parte hartako krisialdia eta tentsio politiko eta soziala gorabehera (greba orokor iraultzailea), “Gil Baré"-k distira berezia eman zion Donostiako udaldiari, ospakizun handiak antolatuz Aste Nagusirako, Lege Martziala indarrean egonda ere. Urte horretako abenduan utzi zuen udal-kargu hori. “Gil Baré” bere sinadura ospetsua izan zen Donostiako “El Pueblo Vasco” egunkarian, bertako zuzendaria Rafael Pikabea zela. Euskal gaiari buruzko zenbait libururen egile izan zen: “Andanzas y correrías” (1914), “La Venus del Antiguo” (1936) eta “Aspaldiko gauzak” (1936). Bere umore-sen izugarria zela-eta oso pertsonaia ezaguna bilakatu zen, eta haren pasadizoak belaunaldiz belaunaldi kontatu dituzte. 1936an beste bi liburu ari zen prestatzen: “El cocktail de mis cocktails” eta ”El diccionario del humorismo”, argitaratu ez direnak. Hogei urte inguru zituela hasi zen idazten “Unión Vascongada” egunkarian. Bere pasadizorik ezagunena Parisera egin zuen bidaia bati buruzkoa da: maharajaz jantzita eta euskaraz hitz egiten aritu zen bere lagun Felipe Azkona eta Tenorioko Markesarekin, eta txantxa zerbitzari batek utzi zuen agerian, hura ere euskalduna, Lapurdikoa. Manuel Chiapussok “Los anarquistas y la guerra en Euskadi. La Comuna de San Sebastián” bere liburuan pertsona lagunkoi, onbera, eskuzabal eta lasaitzaile bezala islatzen digu Gil Baré. Donostian hil zen 1945eko irailaren 20an. Auñamendi Entziklopediatik ateratako datu biografikoak.


Giuseppe Verdi Plaza[edit]

1605 20014 Amara Berri

1813ko urriaren 10ean (Wagnerren egun berean) jaio zen Giuseppe Verdi Le Roncolen, Busettoren alboko herrixkan, Parmako probintzian, garai hartan Napoleonen inperioaren menpeko. Milanen hil zen, 1901eko urtarrilaren 27an. Oso gaztetatik nabarmendu ziren musikarako zituen berezko dohainak, eta hori zela-eta, mezenas batek, Antonio Barezzik, Busettoko Elkarte Filarmonikoko sortzaileak, modu eraginkorrean lagundu nahi izan zion, nahiz eta Verdi gazteak benetan apaiz izan nahi zuen. Bere lehenengo maisuak liluratuta geratu ziren ikaslearekin, baina nahiz eta irakasle horiek bertan izan, autodidaktaren eredu biribila dugu Verdi, pianoa jotzen berak bakarrik ikasi baitzuen: lan ugari egin zituen, opera-zatiak, fantasiak, martxak, rondoak, dantzak... tokiko orkestrarako moldatzen zituenak, eta 15 urte besterik ez zituela sinfonia bat aurkeztu zuen arrakasta handiz. Lan xumeko bizimodua aldatu egin zen Barezzi bere ongilearen etxera bizitzera joan zenean, Margarita haren alabaz maitemindu baitzen, eta horrek posizio egonkor bat lortzeko borroka egitera bultzatu zuen Verdi. Horregatik, sartzeko azterketa batera aurkeztu zen Milango kontserbatorioan, egun bere izena daramana. Paradoxikoki, kontserbatorioak baztertu egin zuen pianoa jotzeko zuen modu bitxiarengatik, arrazoi bezala emanez "adina gainditzen zuela eta eskasegia zela pianoan eta kontrapuntuan". Bere aldetik ikasten jarraitu zuen eta Lavignak eman zizkion lezioak, Scalako orkestra-zuzendariak: Inork ez zidan erakutsi instrumentazioa, ezta musika dramatikoa tratatzeko modua ere”. Busettoko kapera-maisu postua hutsik geratu zenean, postu hori lortu zuen eta 1836an ezkondu zen Margarita Barezzirekin. Bertan hainbat eta hainbat obra idatzi zituen, baina aldi berean eutsi ezineko erakarpena eragiten zion operaren munduak. 1839an arrakastaz aurkeztu zuen bere operen arteko lehena Scalaren Antzerkian: “Oberto”. Zorigaiztoa nagusitu zen Verdiren familian. Alaba hil zitzaion eta handik gutxira semea, eta emaztea 1840an galdu zuen. 27 urte zituela Verdi guztiz bakarrik zegoen eta depresio sakon batean murgildua. 1842an, bere krisialdia gainditu ondoren, Nabucco estreinatu zuen, eta haren bidez bere izena Europa eta Ameriketako eszenatoki garrantzitsuenetara eraman zuen. Ordutik aurrera Milan eta beste hainbat hiritarako konposatuko du. Guztira zortzi opera konposatuko zituen hamarkada horretan. 1859an ezkondu zen Giuseppina Streponi abeslari famatuarekin. Apurka-apurka handitasun zabalagoko argumentuetarako joera agertu zuen, batez ere Shakespeare eta Schiller bezalako klasikoetarako. Veneziako La Fenice antzerkian estreinatu zuen Ernani opera, arrakasta handiz. 1860ean Italiak independentzia lortu zuenean, Parlamentu berriko kide izatea onartu zuen Verdik, eta 1874an Senatuko kide hautatu zuten. Berrogeita hamarreko hamarkadan bere sormenaren gailurrera iritsi zen Rigoletto, La Traviata eta Il Trovatore lanekin. Don Carlo lanak erronka bereziki interesgarria eskaini zion. Geroago, bere obraren zati bat berraztertu zuen eta Aida bezalako lan berriak ere idatzi zuen, 1870ean Suezko Kanala inauguratzeko konposaturikoa. Lehen Don Carlo lanarekin bezala, Verdiren ikuskera dramatikoak perfekzioa joko du orain ere Aida lanarekin. Giuseppe Verdi eta Richard Wagnerren musika, biak urte berean jaiotakoak, baina estilo erabat desberdina dutenak, gaur egun ere munduko antzokietako opera-errepertoriaren oinarri da.


Gracia Olazabal Kalea[edit]

7710 20011 Amara Berri

Gracia de Olazabal Alonso de Ydiacayz-ekin (Idiakez) ezkondu zen, Karlos V.a enperadoreraren idazkaria. Senar-emazteek San Telmoko domingotarren komentua sortu zuten 1541ean. Nahiz eta Tolosa jaiotakoa zen eta bertan bere jaiotetxea gordetzen zuen, enperadorearen idazkariak Donostiaren aldeko bere zaletasuna agertu zuen argi eta garbi, batez ere Gracia de Olazabalekin ezkondu ondoren, berau donostiarra baitzen. Santa Maria parrokian zuen hilobiratzeko eskubidea, bere emazteak eta seme-alabek oinordetu zutena, geroago aintzat hartu zieten bezala, eta hori baieztatu zuen Graciaren ekimenez 1571n San Telmon behin-betiko kapilautza sortu izanak, Tarsicio de Azcona aipatzen duenez "Fundación y construcción de San Telmo de San Sebastián" liburuan, 17. orr., 1972. urtea.


Gran Soleko Arrantzaleen Kalea[edit]

3780 20011 Amara Berri

Izenak adierazten duen bezala, kale honen bidez ur horietan lan egiten zuten arrantzaleak omendu nahi izan ziren eta alboko kaleen antzekotasunagatik erabaki zen lekua.

Gregorio Ordoñez Kalea[edit]

7920 20011 Amara Berri

Caracasen jaio zen 1958ko uztailaren 21ean Gregorio Ordoñez Fenollar. 1962az geroztik Donostian bizi izan zen, bertan egin zituen batxilergo-ikasketak eta 1981ean Informazioaren Zientzietako lizentziatura lortu zuen Nafarroako Unibertsitatean. 1981 eta 1982an kazetari-lanetan aritu zen hainbat komunikabidetan. 1982an ekin zion bere jarduera publikoari Gipuzkoako Nuevas Generaciones taldeko presidente eta Gipuzkoako Alianaza Popular alderdiko idazkari tekniko bezala. Donostiako zinegotzi aukeratu zuten 1983an APren hautagai-zerrendako buru zela, eta legealdi horretan Legezkotasun Urbanistikoaren Batzordeko presidente izan zen. Hautagai-zerrendaren buru izan zen berriro Donostiako udal-hauteskundeetan 1987an, 1987-91 legealdian turismo-ordezkaritza eta Kultur eta Turismo Ekintzetxearen ordezkaritza politikoa bere esku izan zituen. 1990ean Gipuzkoako Eusko Legebiltzarkide aukeratu zuten, eta hori izan zen alderdi horrek probintzia honetan ordezkaritza autonomikoa lortu zuen lehen aldia. 1991ean ustekabeko emaitza lortu zuen berri Donostiako udal-hauteskundeetan (%15), eta bost zinegotzirekin udal-gobernuan sartu zen, Lehenengo Alkateordetza eta Hirigintza Ordezkaritza bere esku hartu zuela. Gipuzkoako PPko presidente 1989az geroztik, 1993an aukeratu zuten berriro emandako botoen %98rekin. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Hirigintza eta Garraio Batzordeko kide zen. Euskal Herriko PPren bozeramailea zen 1991eko apirilaz geroztik eta PPko Zuzendaritza Batzorde Nazionaleko kide. ETAk erail zuen Donostiako jatetxe batean jaten ari zen bitartean 1995eko urtarrilaren 23an. 1995eko otsailaren 13ko Osoko Bilkuran Hiriko urrezko domina eman zioten hil ostean.


Humboldt Kalea[edit]

1555 20014 Amara Berri

Wilhelm eta Alexander von Humboldt bi naturalista, esploratzaile eta zientzialari alemaniar handi izan ziren. Biak ere oso ezagunak, kulturaren munduari ezagutza handiak ekarri zizkioten bi gizon izan ziren. Wilhelm Postdamen jaio zen 1767an eta fintasunaren fintasunez hezi zuten Tegelko gazteluan lehenik eta Berlinen ondoren. Legeak ikasi zituen Frankfurt Oder-en, eta geroago Zuzenbidea, Ekonomia Zientziak eta Arkeologia. Hezkuntza Ministro izendatu zuten eta Berlingo Unibertsitatea sortu zuen. Filologian, poesian eta hizkuntzetan zen aditua. Berrehun hizkuntza eta dialektotik gora ikasi edota ulertzeko gai izan zen, euskara horien artean. Bi bidaia egin zituen Euskal Herria, 1789an eta 1801ean, eta euskal hizkuntzak interes itzela sortu zuen harengan. Mogel, Astarloa eta Elhuyar anaiak ezagutu zituen. Bi liburu idatzi zituen euskarari buruzko bere ikerketekin lotuta: “Berichtungen und Zusatze zu Adelungs Mithridates uber die kantabrische oder baskische Sprache” (Berlin, 1817) eta “Prufung der Untersuchungen uber die Urbewohner Hispaniens vermittelst der baskischen Sprade” (Berlin, 1821). Euskal Herriaren errealitate etnografikoa, etnologikoa, linguistikoa eta kulturala maisutasun handiz azaltzen dituzten lanak dira. Bere lanek euskal hizkuntza ezagutarazi zuten Europako kultura-giroetan. Antropologia sozialaren alorrean ere lan egin zuen hainbat herrialde eta kulturari zegokionez, batez ere India. Europako hizkuntzen lehenengo iturrietara iristeko euskara nahitaez ikertu behar zela zioen. Kultur arloko adituaren ezagumendua du Alemanian zein munduan. Berlinen hil zen 1835ean. Alexander von Humboldt Berlinen jaio zen 1769an. Natur Zientzen alorrean izandako azken eruditu unibertsal gisa hartzen dute kontuan, eta hainbat arlotan nabarmendu zen, esaterako zoologia, kartografia, botanika, klimatologia, bolkanologia, artea eta baita soziologian ere, baina bere esplorazioek eman zioten mundu-mailako ospea, Ameriketan bere jaioterrian baino gehiago. Kontinente amerikarrean garatu zuten bere azterketa eta ikerketen zati handi bat. Aimé Bonpland naturalista frantziarraren laguntzaz Ameriketara joan zen 1799an. Venezuelako kostaldea, Orinoko eta Amazonas esploratu zituen: ondoren Andeak eta gaur egun Peru, Ekuador, Kolonbia eta Mexiko denaren zati handi bat. Arroka, mineral eta planta ugari bildu zituen, eta zorrotz sailkatu eta aztertu zituen. Jarduera bolkanikoa, lurraren magnetismoa, itsas korronteak, klimatologia eta animalia-bizitza ere aztertu zituen. 1829an antzeko bidaia egin zuen Ural mendietara, Kaspiar itsasora eta Siberiara. Hainbat alor landu zituen, minerologia, astronomia eta baso-masen azterketa barne. Gases ezagutzan barneratu zen Joseph Gay-Lussac kimikari frantziarrarekin, eta gai horrekin loturiko fundazioa sortu zuen. Bere beste alderdi bat diplomatiko gisa garatu zuen jarduera dugu, garai hartako Europako gorteen aurrean egindako hainbat misiotan. Hainbat eta hainbat idazki eta argitalpenetan bildu zituzten bere lanak, "Kosmosa" dela ezagunena. Bere garaiko zientzialari ospetsuena izan zen. Berlinen hil zen 1859an.


Ignacio Mercader Plaza[edit]

7720 20011 Amara Berri

Ignacio Mercader eta arrantzaleen aldeko haren obraren oroimen eta omenez, hark sortu baitzuen munduko lehengo bapore-ontzia, eta horrekin batera gero hedapen zabala izango zuen arrantzarako prozedura, hark Mamelena (Mama Elena) deitu zuena, emaztearen omenez. Dena den, euskaraz "Ateuna" (Ate duena) izena zuen sistema horrek, ateak ziruditen bi gailu baitziren, bien artean sare bat zutela .


Ikasketa Plaza[edit]

1640 20011 Amara Berri

Unibertsitatearen edo eskola berezien bitartez jakintzaren eta artearen adarretan Hiriaren defentsan eta aintzan nabarmentzeko aukera eman zieten tituluak lortu zituzten gizonezko haien omenez.


Illunbe Kalea[edit]

7730 20011 Amara Berri

Garai batean inguan zegoen Illunbe baserriari zor dio izena. Saihesbidearen ibilbidearekin (1972an egindakoa) desagertu zen baserri hori. Ibarbide batean zegoen baserria, eta baserriaren izena hartzen zuen horrek ere: Illuneko Erreka. Anoetan zegoen eraikin hori, kale honen ibilbidetik 600 metro ingurura hego-ekialderantz. Donostiako Hiri eta Landa Etxeen Erregistroan, 1862. urtea, Illumbe etxaldea azaltzen da Amarako auzoko 48 zenbakiarekin.

Irun Plaza[edit]

2230 20011 Amara Berri

Historialari gehienak bat datoz egungo Irun hiria Estrabonek aipatu zuen antzinako Idanusa dela esatean. Hondarribiko jurisdikziokoa izan zen 1203tik 1767ra bitartean. Zenbait mendetan, Irun izena Uranzu gehigarriarekin agertu zen.


Isabel II.aren Hiribidea[edit]

2270 20011 Amara Berri

Isabel II.ak (1830 - 1904) Kontxako hondartza aukeratu zuen itsas bainuak hartzeko, medikuak herpesa diagnostikatu ondoren. Handik aurrera, Gorteak gure hirian egin zituen oporrak eta, ondorioz, Donostia hiriburu politiko bihurtzen zen udaldian. Isabel II.ak, bere erregealdian, donostiarren eskaerei erantzun zien eta, besteak beste, hiriak zuen plaza gotortu eta militarraren izaera kentzeko dekretua onartu zuen.


Izostegi Pasealekua[edit]

8230 20009 Amara Berri Aiete

Baserri zahar bat da Izostegi, 1862. urteko Donostiako Hiri eta Landa Etxeen Erregistroan aipatzen dena; Amarako barrutiko 26 zenbakia zeraman Izostegik. 1864ko Gipuzkoako Probintziaren Izendegian Amarako Izostegi aipatzen da. Gaur egun auzo-etxea da (4 etxebizitza). 1940an eraiki zuten, bolborategi baten orubean. Auzo-etxe bat da gaur egun (3 etxebizitza). Izostegi toponimoak oso ondo adierazten du grafikoki bide hau, ia osorik Puio mendiaren hegal ilunetik (Iparralde hegala) baitoa.


Javier Barkaiztegi Kalea[edit]

2340 20010 Amara Berri

Hiriak 1863an harresien eraispena lortzeko kudeaketan gehien lagundu zuten pertsonei emandako urrezko domina jaso zuen. 1849an, Carlos Alberto Sardiniako erregearen abdikazio-egintzan lekuko izan zen eta lekuko gisa sinatu zuen Tolosan.

Jesús María Alkain Plaza[edit]

1595 20014 Amara Berri

Jesús María Alkain Martikorena 1922ko urtarrilaren 27an jaio zen Arantzazuko Ama auzunean, Antiguoako auzoko 37 zenbakian. Auzo horren zale porrokatua, haren aldeko ahaleginek nabarmendu zuten. Antiguoako Luisen dantza-taldeko dantzari ere izan zen gaztetan. Aita, José María Alkain Garmendia, eta ama, Rafaela Martikorena, ere donostiarrak zituen, Ibaetan eta Igeldon jaioak. Pilota-jokoaren zaletu sutsua eta hartan ere aritzen zena genuen Jesús María Alkain. Antiguoan eman zuen gaztaro guztia, eta ezkondu zenean, Idiakez kalera joan zen bizitzera, 3 zenbakira, María del Carmen Domínguez Aranburu emaztearekin, hura ere donostiarra. Lau seme-alaba izan zituen. Hamabost urte zituela, gerra zibila zela-eta Merkataritza Perituzako ikasketak jarraitu ezin izan zituenez, Banco Popular erakundean hasi zen lanean. Gerra amaitu ondoren, alboko irakasle izan zen Donostiako Merkataritza Eskolan. Espainiako Kontuen Zinpeko Zentsoreen Institutuan sartu zen 1952an. 1955ean Merkataritza Intendente Ekonomista titulua lortu zuen Bilboko Merkataritzako Goi-mailako Ikasketen Eskolan. 1956an Ekonomia eta Merkataritza Zientzietan Doktore eta Lizentziatuen Kidego Nazionalean sartu zen eta Kontuen Zentsoreen Erregistro Ofizialean 1989an. 1944an, hogeita bi urte zituela, Pakean sartu zen, lan-istripuen mutua, bertan Alboko Zuzendari izendatu zutela 1966an, Gerente 1970ean eta azkenik Presidente 1998an. Donostiako alkate izendatu zuten 1979ko apirilaren 20an. Jesus Maria Alkainek aitortu zuenez, asko kostatu zitzaion bere alderdiaren (PNV) eskaria onartzea alkate-lanetan aritzeko, une politikoaren konplexutasun handia eta alkate-lan horiek, 1983 arte bete zituenak, Pakean zuen lanarekin uztartzeko zailtasunak kontuan hartuta. 1992an Eusko Ikaskuntzako diruzain izendatu zuten eta 1997an Jose Migel Barandiaran Fundazioko lau ordezkarietako bat izan zen, baita bertako diruzaina ere. Kondekorazio ugari jaso zituen: Meritu Zibilaren Ordenaren Gurutze Handia 1983an, Meritu Hiritarraren Donomina egindako alkate-lanagatik 1986an, Laneko Merituari Urrezko Domina Pakean eginiko lanarengatik 1986an, Gurutze Gorriaren Zilarrezko Domina 1986an, Meritu Zibilaren Ordenaren Enkomienda 1991n. Donostia hil zen 2001eko uztailaren 1ean, 79 urte zituela.


Jose Antonio Agirre Zubia[edit]

2195 20014 Amara Berri

Jose Antonio Agirre Bilbon jaio zen 1904ko martxoaren 6an eta Parisen hil 1960ean. Aita bergararra zen eta ama mutrikuarra. Aurreneko Euuzko Jaurlaritzak izan zuen lehenengo lehendakaria. Urduñan eta Deustuko Unibertsitatean egin zituen Zuzenbide ikasketak. Amaitu ondoren abokatu-lanetan hasi zen. Bizkaiko Gazte Katolikoen lehendakaria izan zen. Españiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zen egunean agertu zen lehenengo aldiz jendaurrean (1931-IV-14); Getxoko alkatea zelan, jadanik abokatu-lanak bazterturik zeuzkan eta politikan sartua zen guztiz. Bizkaiak eta Nafarroak Madrilgo Gorteetako diputatu hautatu zuten aldi berean (1931); Gorteetan "Minoria Vasco-Navarra"-ren idazkaria izan zen. Diputatu berrautatu zuten, oraingoan Bizkaitik bakarrik (1932 eta 1936an). Francoren altxamenduaren ondoren, Españiako Gerra zibilean Gorteetan Euskal Autonomi Estatutua onartu zen (1936-X-1) eta sei egun beranduago, Gernikan bilduriko alkateek, Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatu zuten (1936-X-7). Frente Popularra osatzen zuten alderdietako kideekin osatu zuen Eusko Jaurlaritza. Bilbo Francoren mende erortzear zegoela, Turtzioz-era eta handik Kantabriara joan zen; Miarritze, Paris eta Bartzelona izan ziren hurrengo pausoak. Bartzelona ere erori zenean, Frantzia eta gero Belgikara ihes egin zuen Companys eta Irujorekin. Europan Bigarren Mundu Gerratea hasi zenean Frantziara itzuli nahi izan zuen, baina ez zuen lortu. Berlinera joan zen eta handik Ameriketara pasatzea lortu zuen (1941-VII-31). Gorabehera hauen berri "De Guernica a Nueva York pasando por Berlín" liburuan eman zuen. New York-eko Columbia Unibertsitatean historia garaikideko irakaslea izan zen. Parisera itzuli zen (1946) eta, Erbesteko Euzko Jaurlaritzako lehendakari moduan, Euskal Herria frankismoaren eskuetatik askatzeko lan egin zuen. Parisen, ohean hilik aurkitu zuten 1960ko martxoaren 22an. Donibane-Lohizunen ehortzi zuten eta Jesus María de Leizaola donostiarrak ordezkatu zuen lehendakari lanetan.

Jose Maria Paternina Alonso Plaza[edit]

2655 20010 Amara Berri

Jose Maria Paternina y Alonso Donostian jaio zen, 1902an, Hondarribi kaleko 50en. Aldapetako Marianisten ikastetxean ikasketak egin ondoren, Zuzenbidea ikasi zuen Salamancan. Donostira itzulita, Ramon Maria kaleko 1ean bizi izan zen, eta oso abokatu ezaguna izatera iritsi zen. Donostiako Tranbia Konpainiaren abokatu gisa lan egin zuen eta Donostiako Udalaren Aurrezki Kutxako lehendakaria ere izan zen. 1934 eta 1935 bitartean, Donostiako alkatea izan zen. Agintean zegoela, Amarako zabalguneko hiribideak inauguratu ziren. 1936ko abustuaren 17an, Jose Maria Paternina atxilotu zuten bere etxean, Bilbo plazan, eta Aieteko Jauregiaren inguruetara eraman zuten. Han hil zen, tirokatuta.



Jose Maria Salaberria Kalea[edit]

2380 20010 Amara Berri

Jose Maria Salaberria Ipenza 1873an jaio zen Vinaroz-en (Castellon). 4 urte zituela Donostiara joan zen (familia jatorriz bertakoa zen). Espainian eta Amerikan hainbat lanbidetan jardun ondoren, egunkarietan kolaborazioak idazten hasi zen, hala nola artikuluak, ipuinak, kronikak eta eleberri laburrak. Bere obren artean ondokoak azpimarratu behar dira: "Vieja España" (1907), "Tierra Argentina" (1910), "Sevilla y el andalucismo" (1929), "Alma Vasca" eta "Viaje a Mallorca" (1920), "Loyola" (1929), "La Virgen de Aránzazu", "Iparraguirre, el último bardo" (1932) eta abar. 1940an hil zen. Bere jaiotegunaren ehunurteurrena zela eta, Donostiak monumentu bat eraiki zion Alderdi Ederko lorategietan: "Jose Maria Salaverria" bustoa, Jose Diaz Bueno eskultorearena.


Juan Zaragueta Kalea[edit]

1565 20014 Amara Berri

Orion jaio zen, 1883ko urtarrilaren 26an. 1892 eta 1897 bitartean Batxilergo-ikasketak egin zituen Donostiako Marianistak Ikastetxean. 1898 eta 1903 bitartean eliza-karrera egin zuen Gasteizko Seminarioan, eta Teologian doktoretzarekin amaitu zuen Zaragozako Seminarioan. Aldi berean, Zuzenbidean lizentziatura amaitu zuen Zaragozako Unibertsitatean. Lovainako unibertsitatera abiatu zen 1905ean, eta bertako Filosofiako Goi-mailako Institutuan egin zuen diziplina horretako lizentziatura eta doktoretza. Bere jaioterrira itzulita, Madrilgo Seminarioan sorturiko Goi-mailako Filosofia katedra hartu zuen bere ardurapean, eta Errektoreorde, Ikasketa Prefektu eta Errektore karguak izan zituen hurrenez hurren 1917an. 1914an Madrilgo Unibertsitatean Filosofia eta Letratan doktoratu ondoren, 1917an Erlijio eta Moraleko irakasle numerario izendatu zuten Irakaspenaren Goi-mailako Eskolan, eta 1923an Zuzenbide eta Gizarte Ekonomiakoa irakaskuntza-zentro berean. Madrilgo Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultateko katedradun izendatu zuten ondoren. Geroago Psikologia Arrazionaleko katedraren titular izan zen. Metafisikako katedraren arduradun ere izan zen. Hainbat kargu izan zituen bere esku zientzia moralekin, politikoekin, psikologiarekin, filosofiarekin eta teologiarekin zerikusia zuten erakundeetan. Bitan izan zen Instrukzio Publikoko Kontseilari Nazionala. Ondokoak ditugu bere lan nagusien artean: “Introducción general a la Filosofía”, “El problema del alma ante la Psicología experimental”, “Teoría psicognética de la voluntad”, “Contribución del lenguaje a la filosofía de los valores”, “La intuición de la filosofía de Henri Bergson”, “Fundamentos de Filosofía” ( Manuel García Morente-ren laguntzarekin), “El lenguaje y la Filosofía”, “Una introducción moderna de la Filosofía escolástica”, “Balmes, filósofo”, “La sociología de Gabriel Tarde”, “Pedagogía fundamental”, “Religión y moral”, “El concepto católico de la vida según el Cardenal Mercier” eta “El cristianismo como doctrina de vida y como vida”. Bere azken argitalpena “Filosofía y Vida” lana osatzen duten hiru liburuki dira. _Dokumentazio-iturriak: “San Sebastián, biografía sentimental de una ciudad”, Jesús María de Arozamenarena, Madril 1963.


Katalina Erauso Kalea[edit]

1050 20010 Amara Berri

Moja Alferez goitizenarekin ezagunagoa den emakume adoretsu honen omenez jarri zioten izen hau kaleari. Katalina Erauso 1592ko otsailaren 13an jaio zen Donostian, eta 1650ean hil zen Mexikoko Puebla hiritik hurbil. Migel Erauso eta Maria Perez Gallarraga Artzeren semea zen. 4 urte zituela, Donostiako domingotarren moja-etxera eraman zuten eta 1607 arte iraun zuen bertan, 15 urte bete arte alegia. Bere izaera geldiezina ezin zen bat etorri komentuko bizitzaren lasaitasunarekin. Horrela, nobizia zen garaian gizonezkoz mozorrotu eta San Lucar de Barramedara iritsi zen bertan Amerikarantz itsasoratzeko. Katalinak hainbat goitizen erabili zituen: Pedro de Orive, Francisco de Loyola, Alonso Diaz, Ramirez de Guzman eta Antonio de Erauso. Panaman, Paitan eta Liman (Peru) bizi izan zen. 1619an Txilera joan zen, Limatik Araukoko Gerran parte hartzera abiatu ziren tropekin. Hainbat ekintza militarretan ausardia handia erakutsi zuen eta alferez gradura igo zuten. Txilen traizioa egin zioten bere izaera liskarzalea zela eta; ondorioz, Erresumatik urrundu behar izan zuen. Tucuman-en, Cuzco-n eta Huamanga-n (Peru) bizi izan zen eta Amerikako beste hainbat hiri ezagutu ondoren, Europara joan zen. Azkenean Mundu Berrira itzuli eta bertan hil zen. Zenbait autorek diotenez, Katalina Erausoren itxurak emakumezkoa zela ezkutatzen lagundu zion. Bere sexurako garaiera handikoa, edertasunik gabea eta emakumezkoen bigarren mailako sexu-ezaugarririk gabea omen zen. Pedro de la Vallek dioenez, "ez du titirik; txikitan titiak lehortzeko eta bularra lau-lau uzteko nik ez dakit zein erremedio erabili zituela esan zidan...". Nebarekin dueluan Katalina Erausoren bizitzako egunik traumatikoenetako bat, 1615ean Concepcion hirian Migel nebarekin duelua izan zuenekoa izan zen. Biak, elkar ezagutzen ez zutela, adiskide banaren arteko liskar bateko aitabitxiak izan ziren. Borrokatzen zirenak zaurituta geratu zirenez gero, aitabitxiek beraien lekua hartu eta elkar borrokatu ziren. Katalina garaile izan zen Migel hil ondoren. Heriotza eragiteraino zaurituta erori zenean, Migelek nor zen adierazi zion eta horrek erabat aztoratuta utzi zuen. Berehala mediku baten eta apaiz baten bila joan zen laguntza eske. Nortasuna ezagutzera emateko unea 1623an, Huamagan zegoela, Katalinak benetan nor zen jakinarazi zion Agustin de Carvajal gotzainari. Bertako komentu batean bizi izen zen eta, ondoren, Limara eta Cartagenara joan zen. Italiara ere joan zen eta Erroman Urbano VIII.a Aita Santuaren barkamena lortu zuen. Zenbait autoreren arabera, Aita Santuak gizonezkoen arropak janzten jarraitzeko baimena eman zion. Lasaialdi hau laster amaitu zen. 1630ean Amerikara itzuli zen eta, segur aski, lehen egonaldikoaren antzeko bizitza izan zuen 1635 arte. Urte horretatik aurrera, ez dago batere garbi nola bizi izan zen. Zenbaiten arabera, Cuitlaxtla-n bizi izan zen hil arte.


Kontsulatu Kalea[edit]

1210 20011 Amara Berri

1682ko irailaren 19an merkatarien artean merkataritza-trafikoaren inguruan izaten ziren negozio guztiei espedientea zabaltzeko ezarritako Errege Kontsuletxe eta Kontratazio Etxearen omenez eman zitzaion izen hori.


Leire Plaza[edit]

1465 20009 Amara Berri

Leireko San Salbador badia Iruñetik 50 kilometro ekialdera dago, Aragoiko mugatik oso hurbil Errando edo Leireko mendilerroaren hegalean. IX. mendearen aurrekoa da abadia hau eta jada aipatzen dute 848. urtean. Gipuzkoak dokumentu zaharrenetarikoa izan eta San Sebastian edo Donostia, monasterioa nahiz hiria, aipatzen duten dokumentuen artean, aipagarrienetakoa Antso Nagusiak eginiko eskaintzaren berri ematen diguna da, 1014. urtean eginikoa Leireko abadiari, monasterio bat emanez Donostian, bere parrokiarekin batera, Hernaniko mugetan, eta Izurungo hiribildua, Santa Maria eta San Bizente elizekin, baita beste ondasunekin ere, Ricardo Izaguirrek aipatzen duenez “Notas a la donación a Leire” bere lanean (Donostia, 1931. urtea). 1101. urtean Pedro I. a erregeak Raimundo abateari eta Leireko monasterioari berresten dizkio itsasoaren ondoan dagoen San Sebastian eliza, Hernaniko Lurraren mugetan, lehendik eta Leireri emandakoa Antso erregeak haren ondasun guztiekin, eta gaineratzen ditu Oroztegiko larre-mendia Urumeako urekin, Elena Barrena Osorok aipatzen duenez “La formación histórica de Guipúzcoa” bere lanean (Donostia, 1989. urtea).


Loiola Biribilgunea[edit]

1655 20014 Amara Berri

Ricardo Izagirre historiagileak Loiolako auzoaren mugen zenbait datu garrantzitsu aipatzen ditu Antso Nagusia Nafarroako erregeak Leireko monasterioari eginiko dohaintzari buruz: Urumea ibaiaren haraneko Loiola eta Amarako auzoen banantzea lurralde hura aspaldian bi zatitan bereiztearen arrastoa da: Loiola Goia, Antzietako barrutia beste izen batez, eta Loiola Behea. Astigarraga eta Amara bitarteko haran honetako lekurik egokiena azpibanaketa baterako Txomin-enea inguruko zintzur-estugunea da, gaur egun metro gutxi batzuen buruan trenbidea, tranbia, errepidea eta ibaia elkartzen diren lekuan, eta hala ere ibaiertzaren tarterik zabalenean dago azpibanaketa hori. Paradoxa horrek izan dezake azalpenik. Muga hori Antso Nagusiaren mugaketaren jarraipena litzateke, dohaintza egitean lur-eremu hura bi zatitan banatu zuen, garai hartan ziur asko putzuz betetako padura zena. Gaur egun banalerro horrek irauten du, Loiola eta Amarako auzoak bereiziz Juanindegitik Lobainaraino. Agian hau izango da dohaintza ospetsu hartaz geratzen den azken arrastoa, eta hortaz Donostian dagoen monumenturik zaharrena.” Hizpide dugun plaza, proiektaturikoaren arabera, Ricardo Izagirrek aipaturiko Loiola Behekoa zaharraren eta Loiolako Erribera poligono berriaren, gaur egungo Loiolako auzoaren erdialdetik mendebaldera dagoena, lotunea izango da. Ohar bibliografikoak: “Notas a la Donación de Leire”, Ricardo Izagirrerena, 1931. urtea.


Loiolako Erribera Pasealekua[edit]

1525 20014 Amara Berri

Antzina erribera hauek lur zingiratsuak ziren osorik. Ricardo Izagirrek “El Urumea y los puertos donostiarras” bere lanean (1933. urtea (?)) adierazten duenez, “XVII. mendearen amaieran, mendeko azken lau urteetan, Loiolako ibarrean sortu ziren padurak lehortzeari ekin zion Beroiz donostiarrak, Santiagoko erriberak deitzen ziotenak. Lur-zatien burutzapen-lanak Lazaro Berroeta maisu hargin irundarrak zuzendu zituen, hiru ofizial praktiko frantsesen laguntzarekin. 600 estatuko perimetroa barne hartzen zuen, eta hogeita bat lur-golde inguru lehortu zituzten, erein eta bideratu ondoren eta enkantean jarrita 1700ean, bakoitzak bat eta erdi eta lau dukat arteko prezioak izan zituztenak. Beroizek ordaindurikoen guztirako gastua 4.776 erreal izan zen.”. 1935. urtean “Derecha Autónoma Vasca” erakundeak landutako hiriaren planoan, erribera-eremu honi “Riveras de Loyola” deitu zioten. Loiolako pertsona adin samartuek inguru honi “Loiolako erriberak” esaten diote, Loiolako Beheko Erriberez ari direla, “Goiko erriberak” gaur egun “Txomineneako auzoa" esaten zaiona baitira”. “Herizen Beheko Erriberak” izena ere erabiltzen zen. Garai batean Donostiako Heriz familia ezaguna zen ia lur hauen guztien jabea.


Luis Murugarren Kalea[edit]

1495 20009 Amara Berri

Luis Murugarren Zamora, historialari donostiarra, apaiza, Institutuko eta Seminarioko irakasle, Donostiako Boy Scouts taldearen sortzaileetako bat izan zen, baita taldeko kapilaua ere. Donostiaren iragana aztertzeaz gain, Gipuzkoako beste hainbat herrirena ere aztertu zuen, eta lan horren adierazgarri izan zen Donostiako Argazki Kutxak argitaraturiko monografia-saila. Ondoko harriei buruzkoak nabarmendu ditzakegu: Hernani, Antzuola, Uzarraga eta Elosua; Aia, Laurgain, Elkano, Aiako Alzola, Urdaneta, Aiako Santiago eta San Pedro, Lasarte, Urnieta, Aguinaga eta Zubieta. RSBAP/EAEko eta Donostiako Azterlan Historikoen Buletineko laguntzaile izan zen, eta hainbat lan egin zituen Donostiako historiari eta elizaren historiari buruzkoak. Santa Maria monografia argitaratu zuen 1973an, Donostiako basilikari buruzkoa. 1978an bere jaioterriari buruzko monografia zabala argitaratu zuen Donostian bertan. Era berean, lan bitxia argitaratu zuen Donostiako San Martin auzoari buruz 1986an. 1993an “1813, San Sebastián incendiada por los británicos y portugueses” bere lana argitaratu zuen. Donostian hil zen 1999an.


Madril Hiribidea[edit]

2800 20011 Amara Berri

1962ko maiatzaren 21ean Antso Jakitunaren hiribidea zenaren bigarren tarteuneari (hau da, Pio XII.aren plazatik Hendaiarako trenbidearen pasaguneraino doanari) izena aldatu eta "Avda. de Madrid" (Madrid hiribidea) jarri zitzaion.


Maria Zambrano Plaza[edit]

1615 20014 Amara Berri

María Zambrano Alarcón Vélez-Málagan jaio zen 1904ko apirilaren 25ean. Hiru urte zituela bere familia Jaenera aldatu zen eta ondoren Segoviara, eta hiri horretan egin zuen Mariak batxilergoa. Filosofia eta Letretan doktoratu ondoren Madrilgo Unibertsitate Zentralean, bertan Ortega y Gasset, García Morente eta Xavier Zubiriren ikasle izan zela, bere lehenengo saiakerak argitaratzen hasi zen Revista de Occidente aldizkarian, eta irakaskuntzan hasi zen filosofiako irakasle laguntzaile bezala eta Institutu-Eskolako irakasle bezala. 1930, “Horizonte del Liberalismo” bere lehenengo obra argitaratu zuen urtea, eta 1936 bitartean Alfonso Rodríguez Aldave historialariarekin ezkondu zen. Mariak bilerak antolatu zituen Madrilgo bere etxean, kulturgune bizienetakoa bilakatu zela. Ondokoa idatzi zuen "Horizonte del Liberalismo” lanean: “Onar dezagun esklabotasun ekonomikoa eta ez diezagula axola premiaren esklabo izatea -era batera edo bestera gugan beti agertuko dena- gure ludi propioan libre izateko”. II. Errepublikaren etorreraren alde lan egin zuen bere maisu Ortegarekin batera 1931n, eta Antonio Machadorekin batera intelektual antifaxista nabarmenetakoa izan zen Gerra Zibilean. Gerra horrek Txilera eraman zuen, bere senarra Enbaxadako idazkari izendatu baitzuten. Herrialde horretan argitaratu zuen “Los intelectuales en el drama de España” lana. 1937an itzuli zen eta Madrilen, Bartzelonan eta Valentzian bizi izan zen. Azken hiri horretan bat egin zuen “Hora de España” argitaratzen zuen lanarekin. 1939ko urtarrilean igaro zen Frantziara, eta gero, Mexikoko Casa de Españak gonbidatuta, filosofia irakastera joan zen Moreliako Filosofia Unibertsitatera. “Pensamiento y poesía en la vida española” eta “Filosofía y poesía” lanak argitaratu zituen. Geroago Kubara aldatu zen, eta herrialde horretan bizi izan zen 1940 eta 1953 bitartean, eskolak emanez Habanako Unibertsitatean. Puerto Ricoko Unibertsitatean ere eman zituen ikastaroak. “La agonía de Europa” (1945) eta “Hacia el saber del alma” (1950) lanak Ameriketako erbestean argitaratu zituen. Erromara joan zen bizitzera 1953an, eta bertan argitaratu zituen “El hombre y lo divino” (1955), elementu ordezkaezina XX. mendeko Espainiako pentsamenduan, “Persona y democracia” (1959) eta “La España de Galdós” (1960) lanak. 1964an Frantziara aldatu zen, eta etxe txiki batean bizi izan zen Jura eskualdean. Garaia horretakoak dira “España, sueño y verdad” (1965), “El sueño creador” (urte berekoa), “La tumba de Antígona (1967), “Obras reunidas” (1971) eta “Claros del bosque” (1977). Ohiko lankidetzan aritu zen La Torre, Papeles de Son, Armadans eta Revista de Occidente bezalako aldizkariekin, eta bertan azalduko dira bere saiakerak Edipo, Antígona, Kafka eta Dostoyeskiri buruz. 1978an Ferney Voltaire-ra (Suitza) joan zen bizitzera, 1984an behin betiko Espainiara itzuli arte, bere beldurrak gainditu ondoren, beldur baitzen, hain zuzen ere, haren errealitatea ez zela bat etorriko berak gordetzen zuen errealitatearekin, 45 urtean kanpoan egon ondoren. 1981ean Komunikazio eta Humanitateen Asturiasko Printzea Saria eman zioten, Pablo Iglesias ohizkanpoko saria, Madrilgo Urrezko Saria eta 1988ko Cervantes Saria. Malagako Unibertsitateko Honoris Kausa Doktore izendatu zuten. María Zambrano Madrilen hil zen 1995ean.


Marinel Plaza[edit]

2910 20011 Amara Berri

Mendeetan hainbat eta hainbat itsasotan borroka eginez gure itsasgizonen bereizgarri den trebetasun eta heroismo ospea irabazi zuten gizonen omenez eta oroigarri gisa.

Martzelino Soroa Plaza[edit]

7800 20011 Amara Berri

Marcelino Soroa Lasa, donostiarra (1848-1902). Luis Villasantek dionez Soroak postu nabarmena du Donostiako mugimendu literarioan. Abokatua zen, baina gimnasia-irakasle bezala aritu zen. Ondoko lanak idatzi zituen, besteak beste: "Iriyarena" Cuadro de costumbres irutxulas (1878) "Anton Kaiku" Jostaketa egintza batean (1882) "Azak eta naste" (1884), bertan bere artikulurik onenak bildu zituela; José Colá-ren "La emigración basco-navarra" lana euskaratu zuen. Baina Soroari euskal antzerkiaren sortzailea izanak eman zion beste ezerk baino ospe handiagoa, bitxia dirudien arren ez baitzen euskarazko antzerkirik izan Soroa arte, Zuberoako pastoralez gain. "Anton Kaiku" izan zen bere lehenego lana, eta beste hainbat etorri ziren ondoren: "Barrenen arra", Urrutiko intxaurrak", Gabon, "Au ostatuba", "Abek istillubak", "Alkate berriya", "Lapurrak,lapurrak", besteak beste.


Merkatari Plaza[edit]

3060 20010

Gure hiria penintsulako merkataritza-hiririk garrantzitsuenetako bat eta Espainiako trafiko-portu nagusietako baten gunea izatea ahalbidetu zuten eta, horrela, hiriaren garapen ekonomikoan izugarri lagundu zuten pertsonen omenez eta oroigarri gisa.


Mikel Laboa Pasabidea[edit]

2455 20014 Amara Berri

Mikel Laboa 1934ko ekainaren 1ean jaio zen Donostian eta 2008ko abenduaren 1ean zendu hiri honetako ospitalean, 74 urte zituela. Gerrak behartuta Lekeition (Bizkaia) igaro zituen haurtzaroko bi urte. 1950ko hamarkadan medikuntza eta psikiatria ikasi zituen Iruñan. Bere karrera artistikoarekin uztartu zuen bere lanbidea, batez ere, Donostiako San Migel patronatuko haurren Neurosikiatria sailean garatu zuena, ia 20 urtez egin baitzuen bertan lan. Ikasle garaian musika munduan interesatu zen Atahualpa Yupanqui eta Violeta Parra bezalako artistek eraginda. Aipaturikoen moduan, bere burua “artista politikotzat” zuen. 1958an estreinatu zen Iruñako Gayarre antzokian. 1960ko hamarkadan beste euskal artista batzuekin Ez Dok Amairu talde kulturala sortu zuen, frankismoaren diktadurapean itzalirik zegoen euskal kultura berpiztu asmoz hainbat esparrutatik. Euskararen berreskuratzean eta duintzean egin zuten saiakera nabarmena. Talde eragile honetan, eta musika mailan, Benito Lertxundirekin batera Laboa gailendu zen “euskal kantu berria” deiturikoan adierazgarri gisa. 1960 eta 70ko hamarkadetako kantautore askoren estiloaren modura bere musika ohitura, poesia eta esperimentalismoaren nahasketa gisa defini daiteke, ahots berezi eta ukitu pertsonal nabarmenaz hornitua. Bere lanetan abesti zahar herrikoiak jotzen ditu estilo modernoago bat emanez, Bertolt Brecht bezalako egileen poesiak musikatzen ditu, berak sorturikoak abesteaz gain. Aipamen berezia behar dute Lekeitioek, oihu eta soinu onomatopeikoen bidez osaturiko abestiek Urte asko geroagoko Bjork abeslariaren eta egungo abangoardiako askoren aitzindari izan zen.


Morlans Biribilgunea[edit]

2495 20009 Amara Berri

Oso ospetsua izan zen Morlanseko iturburua. 1609an eraiki zen Felipe II.aren eta Felipe III.aren Estatu Idazkaria zen Joan Idiakez jaunaren laguntzarekin. Obra Juan Gerrier (Ferrier) jaunak egin zuen Jeronimo Soto ingeniariaren planoei jarraiki. Matxura garrantzitsuak izan zituen 1658an eta 1719an. Iturburu honetakoa zen "Osasun Iturri" ospetsuaren ura. Morlans toponimoa 1525ean aipatzen da lehen aldiz; jabetzako eskritura batetik dakigunez, Maria de Fayet-ek (Aiete gaur egun) Morlanseko portuko lurrak saldu zizkion Joanes de Guarnizori (Lugaritzen kokatutako baserria). Toponimo gaskoia da. Mourlâs (Morlàas frantsesez) Biarnoko hiriburua izan zen antzina. Hiribildu eder honi buruzko hainbat esaera daude gaskoiz: Lou qui a bis Mourlâs be pot dise: Ay !las! " = Morlas ikusi duenak esan dezake: ai ene!". Inguruko zaharrek inoiz ez dute Morlans erabiltzen leku hau aipatzeko, Morlas baizik. Garai batean, pasealeku honi "Paseo de la Cañería" edo "Paseo de los Caños" ere deitzen zitzaion, bide honen paralelo zihoan ubidea aipatuz zalantzarik gabe.

Morlans Pasealekua[edit]

3240 20009 Amara Berri

Oso ospetsua izan zen Morlanseko iturburua. 1609an eraiki zen Felipe II.aren eta Felipe III.aren Estatu Idazkaria zen Joan Idiakez jaunaren laguntzarekin. Obra Juan Gerrier (Ferrier) jaunak egin zuen Jeronimo Soto ingeniariaren planoei jarraiki. Matxura garrantzitsuak izan zituen 1658an eta 1719an. Iturburu honetakoa zen "Osasun Iturri" ospetsuaren ura. Morlans toponimoa 1525ean aipatzen da lehen aldiz; jabetzako eskritura batetik dakigunez, Maria de Fayet-ek (Aiete gaur egun) Morlanseko portuko lurrak saldu zizkion Joanes de Guarnizori (Lugaritzen kokatutako baserria). Toponimo gaskoia da. Mourlâs (Morlàas frantsesez) Biarnoko hiriburua izan zen antzina. Hiribildu eder honi buruzko hainbat esaera daude gaskoiz: Lou qui a bis Mourlâs be pot dise: Ay !las! " = Morlas ikusi duenak esan dezake: ai ene!". Inguruko zaharrek inoiz ez dute Morlans erabiltzen leku hau aipatzeko, Morlas baizik. Garai batean, pasealeku honi "Paseo de la Cañería" edo "Paseo de los Caños" ere deitzen zitzaion, bide honen paralelo zihoan ubidea aipatuz zalantzarik gabe.


Mundaiz Zubia[edit]

1195 20014 Amara Berri

2000ko maiatzaren 13an inauguratu zen.


Nemesio Etxaniz Kalea[edit]

1575 20014 Amara Berri

Azkoitian jaio zen Nemesio Agapito Etxaniz, XIX. mendearen amaierako egunetan, 1899ko abenduaren 19an zehazki. Gerraoste zibileko lehenengo euskal idazleetako bat izan zen. “Erratzu”, “Artiz’tar Xabier” eta, batez ere, “Amillaitz” goitizenak erabili zituen idazteko. Apaiz-ikasketak egin zituen Lekarotzen eta Comillasen, eta apaiz ordenatu zen 1924an. Gerra zibilaren aurretik Bergaran aritu zen apaiz, eta herri horretan geratu zen gerra hasi zenean, 1936an. Mugimenduko tropak Bergara hartu zutenean Burgosera bidali zuten, eta horrek bizia salbatu zion bere ustez, Donostiara bidaliz gero fusilatu egingo baitzuten. Gaixotu ondoren, Gasteizera eraman zuten, eta gerra amaitzean Artadiko San Migel eliza txikira bidali zuten, Zumaira, eta bertatik egotzi egin zuten esandako sermoi baten ondorioz, Langileen Batailoiko presoei ematen zieten tratua salatu baitzuen. Lan ugari idatzi zituen Nemesio Etxanizek: “Arraldea”, 1923, “Kartak nola idatzi euskeraz?”, 1950ean argitaraturiko liburuxka zoragarria, gaur egungo estilo liburuen antzekoa; “Kristau ikasbidea bertsotan”, 1950, “Kanta-kantari”, 1951, bertan azaltzen dela “Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni...” abesti ezaguna ; “Izeko aberatsa eta irulearen negarra”, 1952, “Antzerkiak kontu-kontari”, 1958, eta “Lur berri billa”, 1967. Bestalde, argitaratu gabe utzi zuen nobela bat, antza denez garratza zelako. Era berean, oso ezagunak dira On Nemesiok Gipuzkoako Gobernadore Zibilari igorritako gutunak. Frankismoaren urterik beltzenetan, Valencia Remón zela Gobernadore Zibila, oso gutun gogorrak idatzi zituen, preso gazteei eginiko torturak salatuz, "Gudari" aldizkariak geroago argitaratu zituenak, orduan klandestinoa zen EGI erakundearena. Hil baino bi urte lehenago, ondokoa aitortzen zuen On Nemesiok aldizkari batean: "Beti bizi izan naiz zalantzan". Euskaltzaina zen, baina ez zuen begi onez ikusten euskara batua. Dena den, bere bizitza osoan lan egin zuen euskararen alde. Bere bizitzako azken urteetan kapilau gisa jardun zuen Donostiako Karmeldarretan, eta bertako komentuan hil zen 1982an. “Irutxulo Aldizkariaren" 96. zenbakian argitaraturiko Gotzon Egiaren artikulutik ateratako oharrak.


Olaeta Kalea[edit]

1740 20011 Amara Berri

Pikoaga eta Ereñozuko burdinolen eta Urumea ibaiaren haranean kokatutako beste batzuen oroimenez eta omenaldi gisa. Joan II.ak 1447an berretsitako ordenantza baten arabera, urte horretan aingura-fabrikak sortu ziren Donostian. Gainera, ontzietarako burdinazko beste obra lodiago batzuk ere fabrikatzen zituzten eta egungo industria metalurgikoen jatorri izan ziren. Azpimarratu beharra dago Pikoaga eta Ereñozuko burdinolak Nazioan ezarri ziren lehenak izan zirela Juan Fermin Gilisagastiren adoreari esker.


Ontziola Kalea[edit]

540 20011 Amara Berri

Hirian eta, bereziki, Santa Katalina auzoan izan ziren ontziolen omenez eta oroigarri gisa, Juana erreginaren 1615eko zedula baten arabera. 1657an Santa Ana ontzia eraiki zen, Armadako Almirantea; diotenez, Europako itsasoetan eta Urumea ibaiaren ertzetan ordura arte ikusi zen piezarik handiena zen. 1415eko Ordenantzen arabera, Donostiako ontziolen izena oso ospetsua zen atzerrian. Izan ere, hirian eraikitako ontzi asko beste nazio batzuei saldu zitzaizkien.

Oroimenaren Lorategia[edit]

2545 20014 Amara Berri

Indarkeria, terrorismo eta gerrateen biktima guztiak oroimenean bizirik gordeta izateko gunea. Gaitz horiek pairatzen eta pairatu izan dituzten hiriei Donostiak eskaintzen dien elkartasunezko lekuko agerikoa. Biktimak gogoan hartzeko gunea, beraiei eskaintzen zaien omenaldi biziduna. Lore zuriz apaindutako lorategia, biziaz betea, nor bere baitan biltzeko eta giza eskubideen, bakearen eta askatasunaren esanahiaz gogoeta egiteko aproposa. Gure elkarbizitzaren oinarriak eraberritzeko gunea.

Osasuniturri Kalea[edit]

4100 20006 Centro

Egungo Autonomia kalearen amaieran zegoen Osasun Iturritik datorkio izena. Jende asko joaten zen bertara, iturburu nagusitik zetorren urak propietate sendagarriak zituela uste baitzen.


Otamendi Anaiak Kalea[edit]

1685 20014 Amara Berri

Joaquín, Julián (arkitektoak), Miguel (bide-ingeniaria) eta José María (industria-ingeniaria) Otamendi Matxinbarrena anaien aita José Otamendi izan zen, astronomo, geografo y matematikoa. Berari zor zaio Gipuzkoa plazan dagoen tenpletea, eta bertan atentzioa ematen dute koadro geografiko eta estatistikoak eta zutabe meteorologiko astronomikoak. 1907an liburu bitxi bat argitaratu zuen “Cosas de San Sebastián” liburua, bere hainbat lanen bilduma . Familia Madrilera aldatu zen 1897an. Madrilgo Komunikazio Jauregia proiektatu zuen Joaquinek, Cibeles plazaren ondoan dagoena, baita Cuatro Caminos auzoa ere. Miguel Donostian jaio zen 1878an. Bigarren semea izan zen. Bide-ingeniari karrera ikasi zuen Madrilgo eskolan, 1901. urteko bat zenbakia lortuz. Belgikan areagotu zituen ikasketak. Bere obra handia Madrilgo Metroa izan zen, 1919ko urriaren 17an inauguratu zena, 3,5 kilometroko tartearekin, Puerta del Sol eta Cuatro Caminos bitartean. Urte askoz izan zen Metroko Zuzendari eta Presidentea. Madrilgo Ingeniari Eskolako irakasle izan zen. Ezkongabea izan zen. Madrilen hil zen 1958an, 80 urte zituela. José María Donostian jaio zen 1885ean. Industria-ingeniari karrera ikasi zuen Madrilen. Tuberkulosiak jo zuen 1902an, Suitzara joan zen, eta Madrilera itzuli zen ikasketak amaitzeko 1908an. Bere anaia txikiarekin batera, Julian, ordurako arkitekto zena, Urbanizadora Metropolitana elkartea sortu zuen 1918an, eta Reina Victoria bidea egin eta Madrilgo lehenengo kirol-estadioa (Estadio Metropolitano) eraiki zuen. 1936an Inmobiliaria Metropolitana elkartea sortu zuten Jose Maria eta Julianek. Lope de Vega eraikina eraiki zuten Gran Vía kalean. España eraikina altxa zuten 1947 eta 1953 bitartean, Espainiako lehenengo etxe-orratza, 28 pisukoa eta hormigoi armatuzko egiturazkoa, Ipar Amerikako eraikin handiak ez bezala. Torre de Madrid eraikina eraiki zuten 1954 eta 1957 bitartean, 30 pisu zituela . Beren bizitza guztia Madrilen garatu zen, nahiz eta udaldirako Donostiara etortzen ziren. Kale bat dute euren izenean Madrilen.

Pablo Gorosabel Kalea[edit]

1585 20014

Pablo Gorosabel Tolosan jaio zen 1803an. Lehenengo Karlistaldian, 1839, Gorosabel oraindik oso gazte zela, erantzukizun garrantzitsuak izan zituen, Tolosako herriko alkate izan baitzen. Geroago, 1835 eta 1840 artean probintziako Korrejidore izan zen. Gipuzkoako liberalen artean bera izan zen garai hartako ezagunenetako bat. Foruak defendatu zituen Gorosabelek Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, Erregeari idatzi zion gutuna horren adierazgarri, Juan Bautista Arrizabalagaren laguntzaz, 1837an. Dena den, ezin da ukatu Gorosabelek eragin handia izan zuela Tolosa probintziako hiriburu izan zen bitartean, 1844 eta 1854 bitarteko epean. Lau urte geroago, 1858an Artxibozain Probintzial bihurtu zen. Gipuzkoako ondasun historiko-artistikoei buruzko lanak ere egin zituen. Azken gai honekin lotuta, ikerketan aritu zen urte luzez. Hainbat lan argitaratu zituen: “Bosquejo de las antigüedades de Tolosa”, “Diccionario histórico-geográfico-descriptivo de los pueblos, valles, partidos, alcaldías y uniones de Guipúzcoa”, “Noticia de las cosas memorables de Guipúzcoa” eta “Memorias sobre las guerras y tratados de Guipúzcoa con Inglaterra”. Donostian hil zen, 1868. urtean, Bigarren Karlistaldiaren bezperatan.

Pablo Sarasate Kalea[edit]

1545 20014 Amara Berri

Pablo Martín Melitón Sarasate y Navascués Iruñean jaio zen 1844ko martxoaren 10ean. Bere aita musikari militarra izan zen, eta harengandik jaso zituen musikari buruzko lehenengo oinarrizko ezagutzak. Parisko kontserbatorioan onartu zuten, eta ordurako emana zuen bere lehenengo kontzertua A Coruñan, zortzi urte zituela. Biolin eta Solfeoko Saria lortu zuen Parisen 1857an. Ikasketak amaitzean beste sari bat lortu zuen harmonian. Bira ugari egin zituen Europan, Amerikan eta Ekialdean. Bere izena Europako gorte nagusietan entzuten zuten: Napoleón III.arenean, Ingalaterrako Victoria erreginarenean eta Espainiako Isabel II.arenean. Camille Saint-Saëns, Max Bruch, Joseph Joachim eta Antonin Dvorak bezalako zenbait konpositore ezagunek obrak eskaini zizkioten, azken honek bere mi minorreko biolin eta orkestrarako Narurek Opus 49a. Ondokoak nabarmen ditzakegu bere obren artean: “Aires Bohemios”, “Capricho Vasco”, Adiós Montañas Mías”, “Serenata Andaluza”, “Malagueña”, “Romanza Andaluza”, “Playera” , “Aires Españoles: Bolero, Muñeira, Jota Aragonesa, Jota Navarra, Jota San Fermín, Jota de Pablo, Zapateado”. Iruñearen ondoren Donostia zen bizitzeko eta atseden hartzeko Pablo Sarasateri gehien gustatzen zitzaion hiria. Mundu guztian eginiko biren ondoren, hemen hartzen zuen atseden, Kontxatik paseatzen, Musean jokatzen -oso zalea zen- edo kaian sardinak dastatzen. Donostian interpretatu zuen “Capricho Vasco”. Donostiako publikoa hunkitu egiten zuen “Iru Damatxo” edo “Zortziko de Iparragirre” interpretatzen zituenean. 1894an Gernikako Arbolaren azpian interpretatu zuen “Gernikako Arbola” 30.000 lagunen aurrean.


Paloma Miranda Plaza[edit]

1635 20014 Amara Berri

Paloma Miranda de Lage Donostian jaio zen, familia burges batean, 1943ko ekainaren 25ean. Donostiako Jesusen Bihotza Ikastetxean egin zituen bere ikasketak, moja frantziarrek zuzendurikoa, nahiz eta bigarren mailako irakaskuntza hiriko bertako Peñaflorida Institutuan amaitu zuen. 18 urte zituela Bartzelonara joan zen bere arte-ikasketei ekiteko Massana eskola ezagunean. Ikasketa horietan Bartzelonan bi urte eman ondoren, Donostiara itzuli zen, eta bertan ezkondu zen. 33 urte zituela, bere bi semeak ondo hazita zituela, Geografia eta Historia ikasten hasi zen Deustuko Unibertsitatean, Donostiako campusean, Karrera Amaierako Ohizkanpoko Saria lortuz. Unibertsitate bereko doktoretza-ikastaroekin jarraitu zuen, eta ikerketa-prozesu zabal bati emango zion hasiera bere espezialitate izango zen gaian: Inkisizioa Euskal Herrian, hura sorgintzaren errito eta jarduera historikoarekin erlazionatuz, eta baita ere erregimen zaharraren alderdiak Lurralde Historikoetan eta Frantziako Iraultzatik heredaturiko eredu liberalarekiko erresistentziak Euskal Herrian. CSICk beka eman zion Yucatango inkisizio-prozesuei buruz ikertzeko, eta Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos erakundeak azterketa historiko-juridikoa egiteko Inkisizioaren Auzitegiak Euskal Herrian izan zituen ondorioei buruz. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Zumalakarregiren epistola-liburuaren eta objektu pertsonalen tasazioa agindu zion. Bere museo-arloko dokumentazio- eta ikerketa-lanaren ondorioz Zumalakarregi museoa sortu zuten, eta bertan lan egin zuen aholkulari historiko gisa. Artearen zale porrokatua zen haren adierazpide guztietan, komisario-lanetan parte hartu zuen hainbat erakusketatan, eta hizlari gisa ere aritu zen hainbat eta hainbat kultur programaziotan. Francisco de Ibero Institutuko kide izan zen, Gipuzkoako ondare historiko-artistikoa zaintzea helburu duena. Zutabegile-lanetan aritu zen El Mundo del País Vasco, Egin eta Gara egunkarietan. Adierazitako prentsa-artikuluez gain, hainbat argitalpenetan parte hartu zuen Baionako Ikasketa Juridikoen Instituturako, Eusko Ikaskuntzaren atal-koadernoetarako, Auñamendi Entziklopediarako eta Revista Emakunde aldizkarirako. 1988ko otsailean Zarauzko batzarrean parte hartu zuen, zeinean oinarrituta Forum Feminista sortu baitzen, eta pertsona batek baztertuen historia aztertzeko ardura bere gain hartu zuen. Bederatzi urtez izandako gaixotasun baten ondorioz hil egin zen 1999ko abuztuaren 1ean. “Kronika eklektikoak—Crónicas Eclécticas, recopilación de artículos de prensa de Paloma Miranda de Lage”, liburutik ateratako datu biografikoak, María de Maeztu Forum Feministarena, 2000. urtea.


Parke Kalea[edit]

6690 20010 Amara Berri

Amarako haurrentzako parketik hurbil zegoelako eman zioten izen hori.


Pedro Manuel Kollado Kalea[edit]

3700 20010 Amara Berri

Donostian jaio zen eta hiriko alkatea izan zen 1854tik 1857ra bitartean. 1854an Ogasun Ministerioa eskuratu zuen eta 1856an Sustapenekoa. Gorteetako diputatua eta erresumako senadorea izan zen. Mandasko Dukearen amaldeko aitona eta Fermin Lasalaren aita izan zen. 1815eko irailaren 18an, 1813ko abuztuaren 31n kaltetutako biztanle eta jabeekin batera, Donostia antzinako orubeetan berreraikitzeko baimena eskatu zuen Kontseiluari zuzendutako gutun batean. 1817ko urriaren 8an, Donostian 1813ko suntsipenaren ondoren bizitzeko moduan geratu ziren etxeak zenbatzeko komisionatua izan zen Joaquin Yunibarbiarekin batera. Handik zazpi egunera, 102 etxebizitza erabil zitezkeela adierazi zuten. 1863an harresien eraispena lortzeko lanik handiena egin zutenei emandako urrezko domina jaso zuen.

Pio XII.aren Plaza[edit]

3840 20010 Amara Berri

Aita Santuaren jaiotzaren laurogeigarren urteurrenean eta hautaketa eta koroapenaren hamazazpigarrenean plazari izen hau ematea erabaki zen Donostiako Udalaren omenaldi zintzo gisa eta betirako mirespen eta esker onaren adierazgarri. Eugenio Paccelli 1876an jaio zen. Nuntzio apostolikoa izan zen Berlinen (1920tik 1930era bitartean), Aita Santuaren ordezkaria Buenos Airesko Kongresu Eukaristikoan eta kardinal estatu-idazkaria (1930etik 1939ra bitartean). Azken urte honetan, Aita Santu hautatu zuten ezaugarri bereizgarri gisa laburtasuna izan zuen konklabe batean. Ama Birjinaren Jasokundearen dogma aldarrikatu zuen 1950ean eta 1954an Pio X.a kanonizatu zuten. Castelgandolfon hil zen 1958an. Plaza honen barruan, erdialdean ipinitako argi-iturria aipatu beharra dago. Carlos Buigas ingeniariak egin zuen eta 1966ko urtarrilaren 20an inauguratu zen (ekitaldian haurren danborrada ikusi ahal izan zen). Iturri hau katalanek Donostiari 1936-1939 urteetan gure hirian izan zuten harreraren eskerronez egindako oparia da.


Podavines Kalea[edit]

3860 20010 Amara Berri

Izenak adierazten duen bezala Donostiako mahastiak inausten zituzten "podabineen" ermandade eta gremioaren oroimenez eta omenaldi gisa jarri zitzaion izen hau kaleari. Hauen eguneko soldatari buruzko zenbait araudi xedatu ziren. Valladoliden, 1509ko maiatzaren 7an, Juana erreginak ordenantzak berretsi zizkion ermandadeari.


Probestu Plaza[edit]

3880 20011 Amara Berri

Erregearen probestuen oroimenez eta omenaldi gisa erabaki zen plazari izen hau ematea. Maila handiko enplegua zen. Hiriko nagusia eta zaharrenetakoa zen engomeztarren oinetxean, enplegu hau oinordetzakoa izan zen denbora batean.


Rikardo Izagirre Plaza[edit]

7890 20011 Amara Berri

Ricardo Izaguirre Epalza, Donostian jaio zen 1902. urtean. "El Pueblo Vasco" egunkarian lan egin zuen "Tristán de Izaro" izengoitiarekin. Oso ondo ezagutzen zuen Donostiako toponimia. Ondokoak dira Donostiari buruz argitaraturiko bere lanak: Notas a la donación de Leire (1931) El Urumea y los puertos donostiarras (1933 ?) Estudios acerca de la Bahia de San Sebastián (1933) Historia y Toponimia donostiarras (1951). Donostian hil zen 1971n.


Sahatsaren Plaza[edit]

4440 20010 Amara Berri

Berrogeita hamarreko hamarkada arte, orubean kirol-zelai bat zegoen. Zelai hau utzita geratu zen eta oraindik bizirik dirauen sahatsen generoko zuhaitz bat hazi zen berez. Hain zuzen ere, zuhaitz horrek eman dio izena plazari.


Santesteban Musikariaren Kalea[edit]

7790 20011 Amara Berri

José Juan Santesteban, "Maisuba" izengoitiz, Donostian jaio zen 1809an eta 1884an hil, musikari ona zen Donostian, Madrilen, Parisen eta Italian eginiko ikasketekin. Orfeoiak eta orkestrak antolatu eta zuzendu zituen eta kantu-irakaskuntza eskoletan sartu zuen. Santa Maria elizako "kapera-maisua" izan zen. Bere semea, Jose Antonio (1836-1906), Bizeten ikaskide izan zen eta Berlioz eta Rossiniren lagun. Bere ikasle askorekin Donostian sortu ziren orkestra eta banden zuzendaria izan zen.

Santiago Plaza[edit]

1625 20014 Amara Berri

Urumearen ibaiertzen eremu honi guztiari beti deitu izan zieten, XX. mendean dezente aurrera egin arte, Santiyoko Erriberak/Riberas de Santiago. 1935. urtean Derecha Autónoma Vasca erakundeak eginiko mapa topografikoan horrela deitzen diote: “Riveras de Santiago”. Beti izan ziren Loiolako barruti edo auzoarenak. Lehen askoz ere zabalagoak ziren, eta deskribatzen ari garen poligonoari dagokion azaleraren bi heren gehiago hartzen zituzten. Geratzen diren bi heren horiek gaur egungo Amara Berrik hartzen ditu, Pio XII.aren plazatik hegoaldera. Santiago baserritik zetorkion izena, gaur egun Katalina Erauso kalea dagoen lekuan zegoena. Loiolako 39 zenbakia zuen baserri horrek, 1862an Lorenzo Alzate udal-idazkariak eginiko Donostiako hiriko eta haren barrutiko Hiri eta Landa Etxeen zenbaki-Erregistroaren arabera. Sagardotegi ospetsu eta jendetsua izan zen baserri hori, eta berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdera arte iraun zuen. Manuel Lekuona ikerlari handiak zioenez Santiago erromesen paseko leku oso garrantzitsua izan zen kostaldeko bideetan. Toponimo honek, Astigarragako Santiagomendi ermitarekin eta Zubietako Santiago basilikarekin batera, lotzen du zuzenean hiria Compostelako Santiago bide historikoarekin


Soldadu Plaza[edit]

4530 20011 Amara Berri

"Hiri honetan bertako biztanleak eta hauen interesak defendatuz borroka egin zuten eta Donostiako gotorlekua menderaezintzat hartzea lortu zuten gizonen oroimenez eta omenaldi gisa" erabaki zen plazari izen hau ematea.


Ternuako Arrantzaleen Kalea[edit]

3790 20011 Amara Berri

Amerika aurkitu aurretik bakailaoaren arrantzan aritzeko Ternuako banku eta janlekuak aurkitu zituzten eta gure hiriko industriarik tipikoenetako bat sortu zuten gizonen omenez eta omenaldi gisa.


Torcuato Luca De Tena Kalea[edit]

4640 20010 Amara Berri

Torcuato Luca de Tena Donostiako udaldiaren ohiko animatzaileak ziren madrildar ugarik gure hiriarekin zuten loturaren adierazgarri dela esan daiteke. Donostiaren nazioko zein nazioarteko ospearen urte distiratsuetan, Luca de Tenak eskuzabaltasunez eta gogo biziz egin zuen lan "Blanco y Negro" eta "A.B.C." egunkarietan. Horrela, egunkari horiek gure hiriaren izenaren eta ospearen heraldo egin zituen.

Toribio Alzaga Kalea[edit]

7950 20011 Amara Berri

Toribio Alzaga Donostian jaio zen 1861ean, euskarazko antzerki-egilea zen eta "Txanton Piperri" izan zen bere obra ospetsuenetako bat. Oso gaztetatik hasi zen Marcelino Soroaren antzerki-emanaldietan antzezten eta ondoren euskarazko antzerkiari bultzada indartsuena eman ziona izan zen. 1915ean Euskal Hizkuntza eta Deklamazio eskola sortu zuten, eta Alzaga jarri zuten bertako buru. Ondokoak dira bere lan garrantzitsuenak: "Axentxi ta Kontxesi", "Etxietan", "Bernaiñoren larriyak", "Oleskari Berriya", "Ezer ez ta festa", "Mutilzarra", "Bost Urtian", "Andre Joxepa Tronpeta", "Iritza" eta "Neskazarra". Donostian hil zen 1941ean.


Trenbide Zahar Bidegorria[edit]

1505 20009 Amara Berri

XIX. mendearen amaieran Donostiatik Elgoibarrerainoko trenbidea egin zutennean, geroago Bilboraino luzatuko zena, Compañía de los Ferrocarriles Vascongados konpainiak ustiatzen zuen linea. Bidegorri izateko Amarako inguruan deskribatzen ari garen zonalde honi betiere “Morlanseko Trenbidea/Las vías del tren de Morlans” esan diote. Tunelari dagokin aldeari euskaraz beti “Goiko Galtzarako Tunela” esan diote eta gaztelaniaz “Túnel de Aiete”. Tunel horretatik abiatuta, Lugaritzeko auzoan sartzen garela, euskaraz “Sesiotegiko Trenbidea” (Lugaritzeko baserria) edo “Inpernuko Trenbidea” (Inpernuko auzoa) esan zaio beti. Horietako edozein izen izan liteke egokia bizikletentzako bide horretarako. Gure ustez trenbide berria egingo denez eta oraingoa erabili gabe geldituko denez, “Trenbide Zaharra” izena oso ondo doakio.


Victor Hugo Kalea[edit]

1535 20014 Amara Berri

Victor Marie Hugo, nobelagilea, 1802ko otsailaren 26an jaio zen Besançon-en (Frantzian). 1817an Frantziako Akademiak poema bat saritu zion. Bost urte geroago poemez, odez eta hainbat poesiaz osaturiko bere lehenengo liburukia argitaratu zuen. “Islande” lana argitaratu zuen 1823an eta “Bug-Jargal” 1824an, baita Oda eta Baladen poema ere 1826an. “Cronwell” argitaratu zuen 1827an eta klasizismoaren tradizioek ezartzen zituzten murrizketak askatzeko deia planteatu zuen. Erromantizismoaren manifestua bihurtuko zen hori azkar asko. Bere bigarren lana “Marion de Lorme”, 1829, zentsuratu egin zuten liberalegitzat hartu zutelako. 1830eko otsailaren 25ean errebantxa hartu zion zentsurari “Hernani” bere neurtitzeko antzerki-lanak estreinaldi jendetsua oso izan zuenean, erromantizismoaren arrakasta ziurtatu zuena. 1829 eta 1843 bitartean “Notre-Dame Pariskoa” (1831) eta “Claude de Gueux” (1834), lanak idatzi zituen, bere garaiko Frantziako sistema penal eta soziala gaitzesten zituela. Beste zenbait lan ere azpimarratu behar dira: “Ekialdeko ipuinak” (1829), “Udazkeneko hostoak” (1831), “Ilunabarreko kantuak” (1835), “Barne-ahotsak” (1837), “Dibertitzen den erregea” (1832), “Lukrezia Borjia” (1833), “Ruy Blas” (1838). Porrot egin zuen “Les burgraves” (1843) lanarekin. Donostia bisitatu zuen urte horretan. Hirian egin zituen paseoei buruz idatzi eta iruzkina egin zuen. Arozamenak dioenez, “Hernani” lanaren egileak modu berean sentitzen zituen dibertimenduak, hondamendiak, gerrak eta amodioa. Horregatik, Donostiari buruz dioen guztia birsorkuntza literario bat du ardatz, geroko drama baterako eszenatokia aurkitu balu bezala”. 1843ko uda-partea zen, Pasai Donibanen bizi zen garaia. Geroago, politikan aritu zen buru-belarri. 1845ean Luis Felipe erregeak Frantziako Pare izendatu zuen, baina errepublikar egin zen 1848ko iraultzan. 1851n, Napoleon III.ak eragindako porrotaren ondoren, Belgikan erbesteratu behar izan zen, eta Guernseyko uhartera iritsi zen ondoren, bertan geratu zela 1870 arte. Bizitzako aldi horretan idatzi zituen “Napoleon txikia” (1852), “Zigorrak” (1853), “Kontenplazioak” (1856) eta "Mendeetako kondaira" bere poemaren lehenengo liburukia (1859-1883), “Miserableak” (1852). Napoleon III.a erori zenean, 1870ean, Frantziara itzuli zen. Asanblada Nazionalerako aukeratu zuten, eta zertxobait geroago, Senaturako. Azken urte hauetako ondoko lanak nabarmen ditzakegu: “Laurogeita hamairua” (1874), “Aitona izatearen artea”, (1877). 1885eko maiatzaren 22an hil zen Parisen. Bere nahiari jarraituz, Panthéon hilerrira arte hileta-gurdi kaskar batean eraman zuten, eta bertan dago lurperatuta.


Zorroaga Pasealekua[edit]

5120 20011 20014 Amara Berri Loiola

Desagerturiko baserria. Bere jabetzako lurretan eta Tximistegikoetan altxatu zen Erruki-etxea edo Victoria Erreginaren Babesetxea, Egia barrutian G435zegoen zaharra ordezkatuz.


Zuaznabar Kalea[edit]

6980 20010 Amara Berri

José María de Zuaznabar 1764ko abenduan jaio zen. Madrilgo Zuzenbide Unibertsitateko katedraduna izan zen eta Indietako Batzorde Legegileko idazkaria. Geroago, Kanarietako Errege Entzutegiko fiskala, Nafarroako Kontseilaria, Montesako Zalduna eta Ordena Militarretako Kontseilaria izan zen. Espainiako Historiaren Akademiako kide izan zen eta desagerturiko Akademia Greko-Latinoko kide. "Los Vascongados en Canarias", "Lección Jurídica" (38 liburuki), "Fueros de Navarra" eta "Historia crítica de la legislación de Castilla" lanak idatzi zituen, besteak beste.