Gabriel Arestiren poema hau “Harri eta herri” liburuan argitaratu zen lehen aldiz, 1964an (Itxaropena argitaletxea, Zarautz).
- Nire aitaren etxea
- defendituko dut.
- Otsoen kontra,
- sikatearen kontra,
- lukurreriaren kontra,
- justiziaren kontra,
- defenditu
- eginen dut
- nire aitaren etxea.
- Galduko ditut
- aziendak,
- soloak,
- pinudiak;
- galduko ditut
- korrituak,
- errentak,
- interesak,
- baina nire aitaren etxea defendituko dut.
- Harmak kenduko dizkidate,
- eta eskuarekin defendituko dut
- nire aitaren etxea;
- eskuak ebakiko dizkidate,
- eta besoarekin defendituko dut
- nire aitaren etxea;
- besorik gabe,
- sorbaldik gabe,
- bularrik gabe
- utziko naute,
- eta arimarekin defendituko dut
- nire aitaren etxea.
- Ni hilen naiz,
- nire arima galduko da,
- nire askazia galduko da,
- baina nire aitaren etxeak
- iraunen du
- zutik.
|